'Birika bezain elastikoa' erakusketa inauguratu dute Tabakaleran

Anna Irina Rusell artistaren Birika bezain elastikoa erakusketa inauguratu dute Tabakaleran, Situ-akzioak programaren barruan. Karmengo Ama IP eta Herrera Ikastetxea eskolek lagundu dute erakusketa garatzeko proiektuan, baita familia talde batek ere. Asteartetik igandera egongo da ikusgai, goizez eta arratsaldez, uztailaren 27ra bitarte.
Arte garaikidera ikuspegi ezberdinetatik gerturatzea sustatzen duen proiektua da Situ-akzioak, eta, oraingoan, “ikasteko prozesuetan eta esperientzia estetikoan jolasak duen funtsezko rola aitortuz, proiektua erakusketa forma konbentzionalenetatik aldendu da eta arte garaikideari eskainitako espazioetan eragiteko eta ezagutzeko bestelako erak proposatzen ditu”, azaldu du Tabakalerak. 2018tik hona, 69.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Situ-akzioak-en, Julio Le Parc, Emma Kunz, Priscila Fernandes eta Maria Jerez artisten lanak ardatz izanik.
Gune bigun eta porotsu batean sartzeko gonbidapena egin digu egileak erakusketan, Tabakaleraren arabera: “Espazioa organismo latente bat da, eta eraldatu egiten da bertan sartzen direnen presentzia eta mugimenduarekin. Hainbat egitura puzgarriren bitartez, taldeko esplorazio bat proposatzen du artistak, gure gorputzak hedatu eta uzkurtzen den organismo horren parte bilakatzen dira, eta esanahi berriak ehuntzen dituzte jolasaren eta irudimenaren bitartez”. “Etengabe mugitzen den gorputz kolektibo bat habitatzeko gonbita da erakusketa hau, non interakzio bakoitza konexio eta aukera keinua den”, gaineratu du.
Egileari buruz
Anna Irina Russellek “eskultura eta instalazioa erabiltzen ditu komunikazio prozesu ez hegemonikoei buruz espekulatzeko oinarri gisa”, Tabakalerak nabarmendu duenez. Era berean, sarritan, jolasa erabiltzen du oharkabean pasatzen diren aurrez ezarritako komunikazio egiturak ikertzeko, seinalatzeko eta iraultzeko tresna gisa.
“Azken urteotan, material bigunetatik eta mintz puzgarrietatik abiatuta lan egin du, animalien arteko komunikazio prozesu espezifiko bat esploratuz. Prozesu horretan, animaliek bolumena handitzen dute edo mintz bat puzten dute komunikatzeko edo arrisku batetik babesteko. Organismo elastiko horien bitartez, Anna Irinak interakzio eta hausnarketarako espazio bat irekitzen du komunikatzeko moduen inguruan, gorputzaren pertzepzioa eta mugak zalantzan jarriz”, gaineratu du Tabakalerak.
Jarduera osagarriak
Erakusketarekin batera, saio dinamizatuak antolatu dituzte, larunbatetan eta igandeetan garatzeko, 11:00etan hasita —aldez aurretik izena eman behar da—.
Horrez gain, egileak berak 4 urtetik gorako haurrak dituzten familientzako jarduera kolektibo bat egingo du ekainaren 14an, 17:00etatik 18:00etara: “Jarduera horrek elkarrekintzan jarduteko eta prozesu batean modu kolektiboan parte hartzeko espazio bat eskainiko die bertaratzen direnei”, azaldu dute. Bestalde, apirila eta uztaila bitartean, goizetan eta erakusketaren ohiko ordutegitik kanpo, eskola taldeentzako eta beste kolektibo batzuentzako jarduerak egingo dituzte.