Burdina Astintzen metal jaialdia maiatzaren 17an itzuliko da Donostiara

Hamabost urteren ondoren, Burdina Astintzen jaialdia bueltan da. Maiatzaren 17an izango da, Donostiako Larratxo Kultur Etxean. Heavy metala euskaraz jorratzen duten hiru taldek parte hartuko dute: Asgarth, Elbereth eta Izan Bai. Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean eskuratu daitezke.
Herriko Burdina da antolatzailea, Euskal Herriko heavy metalaren webgunea. Metal eta hard rock doinuak sustatzeko sortu zen 2004an, eta, ordutik, hiru festa antolatu dituzte —2005ean eta 2010ean izan ziren beste biak—.
Burdina Astintzen jaialdiaren laugarren edizioa bestelakoa izango da, “izaera propioa eta euskalduna” aldarrikatzea duelako helburu. Hau da, euskaraz kantaturiko heavy metalari “merezi duen garrantzia eta ikusgarritasuna” emango diote, antolatzaileen arabera.
Hiru talde
Asgarth taldeak zuzeneko diskoa plazaratu eta lehen bi diskoak berrargitaratu ditu. Izan ere, 25 urte bete dira Ekaitza abestiari esker zeresana eman zutenetik. Besteak beste, Euskadi Gaztea irrati formulari esker. Jainkoen egoitza lehen lanaren urteurrena ospatu ondoren, Etorkizunaren sustraia bigarren diskoaren txanda da. Lan honek ere 25 urte beteko ditu aurten.
Elbereth banda Omen bosgarren diskoaren aurkezpen kontzertuak ematen ari da. Orain arteko lanik helduena plazaratu dute gipuzkoarrek, eta hasieratik egun arte izan duten eboluzio etengabea islatzen du. Heavy klasikoa jorratzen hasi ziren, eta urtez urte muturrera egin zuten groove metal doinuetan egonkortu arte.
Azkenik, Izan Bai taldea Ixak Arruti musikari usurbildarrarekin abentura berria da. Heavy metal eta hard rock sustraietara itzuli da, urtetan Mendeku Itxua taldeko buru izan ostean. Hurbileko musikari eta lagun onekin osatu du banda. Urtarrilaren 31n Dena galdu baino lehen estreinako diskoa argitaratu zuen laukoteak.