Ospitalean aparkatzeko «98 plaza gehiago» daudela dio Eusko Jaurlaritzak
Osasun Sailaren arabera, gaur egun pazienteentzako eta erabiltzaileentzako 653 plaza daude, "eta aurretik 555 zeuden".

Donostia Ospitalearen inguruan aparkatzeko plaza kopuruarekin dantzan jarraitzen dute Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Martxoa bukaeran, behin-behineko aparkalekua ireki zuten, nabarmen murriztu duten jatorrizkoaren alboko lursail batean. Aparkaleku berriak 7.500 metro koadro eta 234 plaza zituela iragarri zuten, eta ordainpekoa dela.
Ordea, Alberto Martinez Osasun sailburua beste datu batzuk eman ditu EH Bilduk egindako interpelazio bati erantzunez. Guztira, 205 plaza ditu behin-behineko aparkalekuak, eta aparkatzeko beste bi eremuetan 213 eta 235 toki daude. Matematika horiek baliatuta, gaur egun 653 plaza daude pazienteentzako eta erabiltzaileentzako. “Aurretik zeuden 555 tokiekin alderatuta, 98 gehiago daude”, nabarmendu du.
Gutxituko dira
Protoi terapiako eta kanpoko kontsultetako eraikinen lanek aurrera egin ahala, aparkatzeko plaza kopurua gutxituko dela aitortu du Martinezek. Hain zuzen ere, behin-behineko aparkalekua bi urtez egongo da erabilgarri, hori delako aurreikusten duten denbora obrak bukatzeko. “Lanek aurrera egitean, hasiera batean 38 plaza okupatuko dira, eta ondoren 46. Horrela, erabiltzaileek 569 toki izango dituzte aparkatzeko, egungoak baino hamalau gehiago”, azaldu du Osasun sailburuak.
Gogoratu behar da protoi terapiako eraikina 2026an bukatzea aurreikusten duela Jaurlaritzak, eta kanpo kontsulten eraikina, berriz, 2027tik 2028ra bitartean.