Zaporeaken aldeko erakusketa ikusgai dago Garberan
Moda, sukaldaritza eta arte alorreko hogei profesionalek apaindutako botilek osatzen dute bilduma, hilaren 26a arte bisita daiteke.

Gaurtik Garberan ikusgai dago Zaporeak GKEaren alde egindako erakusketa solidarioa. Cellars Art and Fashionek uztailean aurkeztu zuen egitasmoa eta emaitza gaurtik hilaren 26ra arte bisita daitekeen bilduma da. Moda, sukaldaritza eta arte alorreko hogei profesionalek apaindutako beste hainbeste ardo, cava edo txakolin botilak ikusgarri eta deigarriak dira.
Partaideen artean, besteak beste, Elena Arzak, Karlos Argiñano Pedro Subijana edo Martin Berasategi sukaldariak, Agatha Ruiz de la Prada, Amagoia Etxeberria edo Eder Aurre diseinatzaileak, eta Iñigo Manterola edo Giovanna Bittante artistak daude.
Erakusketa ibiltaria beste zenbait tokitan erakutsiko dute datozen hilabeteetan, eta azaroan, Madrilera eramango dute. Teatro Real antzokian aurrera eramango duten afari batean enkantea egingo dute. Bildutako diru guztia Zaporeaki emango diote bere boluntarioek Lesboseko sukaldean asilo-eskatzaileentzat prestatzen dituzten 2.500 janari anoa finantzatzeko.