Entzuten ez duenari ez entzutearena

SORDA
Zuzendaria: Eva Libertad · Urtea: 2024 · Herrialdea: Espainia
Eva Libertad murtziarraren opera prima urteko film espainiar nabarmenetako bat izatearen promesaz lagunduta heldu da zinema aretoetara. Jaso dituen sariei —Film Onenaren Urrezko Biznaga eta Interpretazio Onenaren Sari Nagusia eskuratu ditu Malagako Zinemaldian; eta Publikoaren Saria Berlinaleko Panorama Sailean—, eta aurrestreinaldien harrera onari zor die ospe ona. Eta, egiaz, merezitakoa da oso.
Zuzendari baten debuta baino askoz gehiago da Sorda. Alde batetik, opari bat da: sentiberatasun eta emozio amaigabeko ariketa, ikuslea bihotzetik heldu eta azkeneraino askatzen ez duena. Baina, bestetik, gure buruaren, akaso, onartu nahi ez dugun egiaren, ispilu ere bada. Izan ere, munduan nagusi den inkomunikazioaren gaitzaren isla da filma, familia edo bikote harremanak lagin harturik. Era berean, errealitate mingarriz kolpatu, eta apur bat kontzienteago bilakatzen gaitu: egiazki, mundua ez da toki gozoa dibertsitate funtzionalik duten pertsonentzat.
Zuzendari murtziarraren proposamenak, bada, gorren komunitatearen esperientzia eta bizipenak arakatuz eta entzuleen munduarekin duten (edo ez duten) harremanean sakonduz egiten du bide, horiek lengoaia zinematografikotik haragoko zorroztasunaz eta sentsibilitatez irudikatuz. Haurdun dagoen emakume gor baten izua eta ziurgabetasuna erretratatuta, gizarte kapazitista batek propiotzat ez dituen arazoei erreparatzeko eta aurre egiteko duen ezintasuna aztertu, eta gaiaren inguruan hausnartu nahi du.
Bi esperientzia gurutzatu, beraz: gortasuna eta amatasuna. Eta horiek biek eragindako hamaika beldur, zeinak areagotu besterik ez diren egingo neskatxoaren etorrerarekin. Entzuleentzako mundu betean, alde oro zanpatuak eta mingarriki ezikusiak dira Angela protagonistaren minak, ikarak, haserreak eta baita ezinegonak ere. Filmak, ordea, argi-ilun horiek guztiak jaso eta ikusleari eskaintzen dizkio; deserosoak direnak ere bai.
Erabaki ausarta da beti gordina den hori azaleratzea, eta zuzendariari hartutako arriskua aitortu behar zaio. Izan ere, kolektibo bat pantailan gutxiegi ordezkatu denean —kolektibo zaurgarria denean, bereziki— zaila da agertzen den lehen pertsonaia hori eredugarri aurkezteko inertziari eustea.
Zentzu horretan, pertsonaia anbibalentea eraiki du, akatsak egiten dituena, eta Miriam Garlo aktoreak —zuzendariaren ahizpa, pertsona ez entzulea— bere lan bikainaz gehituriko ñabardurei esker begiztatzen zaigu istorioa horren gizatiarra eta unibertsala: protagonistak bezala, gainerako gizakiok ere, krisian gaudenean, dena zailtzen denean, ez dugu modurik onenean erantzuten. Ez dakigu egoten.