Gizakia Helburu, bizitzarako «inbertsio» bat
40 urte bete ditu Izan Fundazioaren Gizakia Helburu programak. Ategorrietako Ulia-Enean hasi zuten ibilbidea, eta gaur egun, Hernanin eta Lasaon ere garatzen dute proiektua, adikzioak tratatzeko prozesuaren fase desberdinetan. Bertako erabiltzaile, terapeuta eta boluntario banarekin elkartu gara, eta euren bizipenak kontatu dizkigute, bertatik pasatu ostean, adikzioak uztea posible dela ziurtatuz.

Ategorrietako Ulia-Enea harrera etxean jarri zuen martxan Izan Fundazioak Gizakia Helburu Gipuzkoan proiektua duela 40 urte, 1985eko otsailaren 4an. Garai zailak ziren haiek, heroina asko kontsumitzen zen, eta proiektuaren 25. urteurreneko txostenak jasotzen duenez, 1980ko hamarkadaren amaieran, hiesak gogor astindu zuen gizartea: “Arazo berri horren aurrean, gizartearen parte bat irrazionalki babesten saiatu zen, birusaren eramaileak edo gaixotasun hori zutenak baztertzean. Gizakia Helburu programan, hiesak jota zenbait pertsona hiltzen hasi baziren ere, egia da beste asko, birusaren eramaile izanik, euren bizi estiloa eraikitzen ari zirela edo eraikita zutela”.
Gizakia Helburu proiektuak, hasieratik, adikzioak atzean utzi nahi dituzten pertsonei laguntzea izan du helburu, eta gaur egun ere horretan jarraitzen du, proiektuak asko eboluzionatu badu ere. Bertan nola lan egiten duten jakiteko, Ulia-Eneako egoitzan izan gara, Maitane Garcia terapeutarekin (Gros, 1986), Donostian bizi den Gloria Errazkin boluntarioarekin (Irun, 1956) eta Max —izena asmatua da— erabiltzailearekin (Amara, 1994).
Garciak 2010ean amaitu zuen Psikologia gradua, eta Izan Fundazioaren Norbera proiektuan egin zituen praktikak, adingabeekin. Ondoren, boluntario gisa hasi zen Gizakia Helburun, eta azkenean, terapeuta gisa, 2011n hasi zen bertan lanean. “Gaur egun, familiekin egiten dut lan. Programaren barruan, arreta eskaintzen diegu erabiltzaileen familiei modu indibidualean, eta taldeko dinamikak ere egiten ditugu familiekin. Horrez gain, erabiltzaileen autolaguntza taldeak gidatzen ere aritu naiz, programaren hainbat fasetan”, azaldu du terapeutak.
Errazkin 2024ko urtarriletik ari da boluntario lanetan, ezagun batek proposatu ostean. “Ategorrietako egoitza honetan egiten dut lan, telefonoa erantzuten. Sartzen diren dei guztiak erantzuten ditut, eta profesionalak libre badaude, deiak pasatzen dizkiet; bestela, oharrak hartzen ditut deirik gal ez dadin, eta deiari ahalik eta ondoen erantzun ahal izateko”, adierazi du.
Maxek bigarren aldia du Gizakia Helburu proiektuan. “Programa errepikatzen ari naiz. 2021ean hasi nintzen, eta urtebetera amaitu nuen. Ez nuen programa osorik bukatu, eta, orain, bigarren aldia da», aitortu du. Senide batek drogak uzteko leku bat bilatzen lagundu zion, eta horrela hasi zen Gizakia Helburun, Hernaniko egoitzan. «Azkenean, proiektuan sartzeko arrazoi nagusia nire emozioak kudeatzen ez jakitea izan zen, egun osoa drogatzen pasatzen bainuen, errealitatetik ihes egiteko. Hasiera hartan, nire bizitzarekin jarraitu ahal izatea zen helburua, gutxiago drogatuz”, azaldu du erabiltzaileak.
Bertatik irten ostean, Maxi gauzak ez zitzaizkion espero moduan atera, eta bere bizitza berak nahi duen etorkizun baterantz gidatzeko helburuz erabaki du berriz proiektuan sartzea: “Hona berriz sartu aurretik, oso urte txarra pasatu dut. Lau aldiz egon naiz hiltzeko arriskuan, eta erabaki dut onena hona itzultzea dela, asko laguntzen didatelako hemen. Nigatik egiten ari naiz hau, bizitzaz merezi dudan moduan gozatu ahal izateko. Hori da nire ideia, eta aprobetxatzeko asmoz nago hemen”.
Zereginen zerrenda bat
Hiru fase desberdin daude Gizakia Helburun dituzten zazpi lerro edo azpi-programetan: harrera, komunitatea eta birgizarteratzea. Harrera prozesua eguneko zentroan egiten da —Ategorrietan—, 09:30etik 17:00etara, astelehenetik ostiralera. Gero, komunitate terapeutikora pasatzen dira, non gaua ere igarotzen duten —Hernanin eta Lasaon–. Eta, azkenik, gizarteratze fasean, gaua ere igarotzen dute, baina eguneroko bizitzara ohitzeko bideratzen dituzte gehiago. “Egia da beste lerro batzuk ere baditugula, lerro anbulatorioagoak, erabiltzaileak taldeetara edo terapiara joan eta etxera itzultzen direnak. Baina, edonola ere, nik uste dut programaren motorra taldeak direla. Talde desberdin asko ditugu. Erabiltzaileentzat nagusia egunero egiten duten autolaguntza taldea da. Talde horietan hitz egiten dute beren esperientziei buruz, nola dauden, nola sentitzen diren; iraganeko esperientziei buruz, baina, batez ere, orainari buruz, familia eta gizarte harremanei buruz”, azaldu du Garciak.
Ategorrietan egiten duten harrera prozesuan, egituratutako ordutegi bat izaten dute, eta “exijentzia baxuko” jarduerak egiten dituzte, terapeutaren arabera: “Hona etorri, eta martxan jartzen dira erabiltzaileak. Garbiketako, sukaldeko, lorezaintzako eta mantenu lanak egiten dituzte, besteak beste, eta etxea zaintzeko ardura horiek hartzen dituzte. Jarraian, 11:30ean, talde terapia izaten dute egunero, eta ondoren, guztiek elkarrekin bazkaltzen dute. Eta bazkalostean, denbora librea izaten dute albisteak ikusteko, mahai tenisean, xakean edo futbolinean jokatzeko edo nahi dutena egiteko esparru honen barruan”.
Arratsaldean, boluntarioen txanda izaten da, eta erabiltzaileek askotariko jarduerak egiten dituzte beraiekin: paseatzera irten, film bat ikusi, saskibaloian jokatu… Finean, espazio formaletik pixka bat ateratzeko aukera ematen diete boluntarioekin egiten dituzten jarduerek. “Duela gutxi, surfa egiten duen boluntario batekin hondartzara joaten hasi dira erabiltzaileak, eta kirol hori praktikatzeko aukera ere izaten dute”, gehitu du terapeutak.
Testuinguru horretan, boluntarioen garrantzia nabarmendu du: “Asko hitz egiten da terapeutei buruz, erabiltzaileei buruz, familiei buruz… baina boluntariotza albo batean geratzen da batzuetan. Eta, egia esan, guretzat funtsezko zeregina betetzen dute. Etxeko dinamikan, jendeak dio eguneko zatirik garrantzitsuena terapia dela. Noski, terapia garrantzitsua da duen testuinguruagatik, baina gehienek itxaroten duten jarduera boluntarioekin egiten dutena da. Esku bat botatzera, beraiekin denbora pasatzera eta dakitena partekatzera etortzen dira boluntarioak, eta nik uste dut erabiltzaileek asko eskertzen dutela. Programan telefono lineako, aisialdiko eta taldeak dinamizatzeko boluntarioak ditugu, eta guzti-guztiek osatzen dute proiektuaren engranaje hori; izan ere, boluntariotzarik gabe, guk ere ezin dugu aurrera egin”.
Eta egunean zehar egin beharreko zereginak “intentsitate baxukoak” badira ere, egoitzan eta bertatik kanpo jartzen dituzten arauak «intentsitate altukoak» direla azaldu du Garciak: “Erabiltzaileek ezin dute dirurik eraman, ahal den heinean ezin dute bakarrik egon, eta arratsaldean, 20:30ean etxean egin behar dute. Izan ere, gure helburua da beraiek ez duten euspena ematea, prozesuaren iraunkortasuna bermatze aldera”.
Noiz jotzen du jendeak proiektura?
Terapeutak dioenez, Gizakia Helburu proiektura joatea ez da normalean jendearen A edo B plana izaten. “Norbait arazoren bat duela susmatzen hasten denean, beste bitarteko batzuekin konpontzen saiatzen da hasieran. Hona etortzea pisuzko erabaki bat da, norberaren bizitza apur bat gelditzea eskatzen duelako; erabiltzaileek bajan egon behar dute, beraien ingurune kontsumitzailearekin harremana hautsi behar dute, eta horrek, askotan, lehen zuten egunerokotasunarekin haustea suposatzen du”, azaldu du.
Maxek prozesu hori berarentzat nolakoa izan den kontatu du: “Lanetik irtendakoan, etxera joan eta drogak kontsumitzen jartzen nintzen. Norbait hona etortzen denean, lana erabat utzi behar du, arreta gugan jartzeko eta distrakziorik ez izateko etortzen baikara. Askotan, lanak ere eramaten gaitu kontsumitzera, estresa ondo kudeatzen ez jakiteagatik. Beraz, lanarekin eta kontsumitzera bultzatzen gaituen ingurunearekin hautsi behar dugu prozesua ondo egiteko”.
Garciak azaldu duenez, batzuetan, “fantasia” moduko batekin hasten dira erabiltzaileak proiektuan, Maxen kasuan bezala, etorkizunean “pixka bat gutxiago” kontsumituz ondo biziko direla pentsatzen dutelako. Ordea, adikzioetan berriro erortzeko arriskua hor egoten da, eta askotan, “hondoa jo” dutela nabaritzen dutenean erabakitzen dute proiektura itzuli eta laguntzen uztea.
Baina, beraien kabuz joaten al dira erabiltzaileak proiektura? Terapeutaren arabera, askotariko kasuak dituzte. Batzuetan, beraien kabuz, familiako medikuak edo psikiatrak gomendatuta joaten dira, baina baita senideek, lagunek, lantokiko nagusiak edo lankideek gomendatuta ere. “Gehienek familiaren eta lagunen babesa izaten dute, eta babes horri esker animatzen dira pausoa ematera”, zehaztu du.
Gaur egun, Ategorrietako egoitzan, 38 erabiltzaile dituzte, eta gizonezkoak dira gehienak. “Alkoholismo programan izan ezik; hor emakume gehiago daude”, zehaztu du Garciak. Adinaren batezbestekoari dagokionez, 35-40 urte ingurukoak dira gehienak, eta erabiltzailerik gazteenak 20 urte inguru ditu; helduenak, berriz, 56.
Eta erabiltzaile gehienak gizonezkoak badira ere, datuek erakusten dute pertsona horien laguntzaile gehienak emakumezkoak direla: %69,3; 40 urteko historian. “Familiekin lan egiten dugun terapeutekin arbela partekatzen dut, eta gizonak eta emakumeak koloreen arabera bereizita ditugu, hobeto antolatu gaitezen. Erabiltzaileen zerrendan guztiak gizonak dira, eta badago kolore desberdinekoren bat emakumeena delako, baina nik kudeatzen ditudan hogei familien zerrendan, denak emakumeak dira eta gizon bakarra dago, erabiltzaile baten anaia”, azaldu du. “Nik uste dut emakumeak belaunaldiz belaunaldi hezi gaituztela zaintzaren rolean, eta hemen islatzen da amek, ahizpek edo arrebek eta emakumezko bikoteek zaintzaileak izateko joera dutela”, gehitu du.
Elkarri laguntzeko joera
Kanpotik ikusita, norbaiti iruditu dakioke proiektuko egunerokotasunean txertatzea konplikatua izan daitekeela, baina Maxek azaldu duenez, erabiltzaileek elkarren babes handia izaten dute: “Nik uste dut familia baten gisakoak garela. Elkarrekin denbora asko pasatzen dugu, etxean baino denbora gehiago egoten garelako hemen, eta gure artean elkar zaindu behar dugu. Ni oso ondo moldatzen naiz leku berrietara, baina gustatzen zait jende berria ere babestuta sentitzea, badakidalako hona sartzea zaila dela. Ni bigarren aldiz nago hemen, eta ni bezala, baita beste hainbat ere. Askotan, lehen aldiz atera ostean, uste duzu normal lan egin ahal izango duzula, eta lehengo bizitza bera egingo duzula, baina errealitatea da lehengo dena atzean utzi behar dela”. Ildo horretan, adierazi du bigarren aldiz sartzea “askoz errazagoa” izan dela berarentzat, jende asko ezagutzen zuelako dagoeneko.
Proiektutik kanpo ere “oso ingurune ona” duela dio Maxek, eta arratsaldetan, izaten duela lagunekin egoteko aukera, “iaz ez bezala”. “Oso pozik sentitzen naiz, izan ere, ingurukoak oso kezkatuta izan ditut, baina orain, berriz hemen egonda, ikusten dute aktibo eta pozik nagoela. Ez zait kostatzen hona etortzea, eta eguna azkar pasatzen zait”, aitortu du.
Hala ere, aurreiritziak direla eta, hasieran “beldurra” sentitzen zuela dio: “Hasieran beldur handia ematen zidan, Gizakia Helburu jonkiekin lotzen genuelako. Baina, orain, nire inguruko jendea asko pozten da hemen egiten dugunaz. Etortzen direnean, konturatzen dira imajinatu dutenaren guztiz desberdina dela, baita gu geu ere. Nik, lehenengo egunean, pentsatu nuen: ‘Ea zer jendailarekin topo egiten dudan’, eta, azkenean, topo egiten duzu zure lehengusuarekin, beste batenarekin, baten lagunarekin, bestearenarekin… Azkenean, ni Donostiakoa naiz, eta hemen lagun asko ditugu komunean”.
1980ko hamarkadatik proiektua asko aldatu dela adierazi du Garciak, eta aurreiritziak albo batera utzi behar direla: “Gizakia Helburu asko dibertsifikatu, garatu eta hazi da. Gaur egun, profil ugari ditugu, eta jokabide adikzioak ere artatzen ditugu; ludopatia, kasu. Arazo bat duzula onartzea ere kostatzen da, eta jendeak esaten du: ‘Ni ez nago hara joateko bezain gaizki’. Nik hanka bat hausten badut, traumatologoarengana joango naiz, hortzetan arazoren bat badut dentistarengana, eta adikzioekin arazoren bat badut, zergatik ez naiz adikzioetan espezializatutako leku batera joango? Uste dut gaitzespena, batez ere, beldurretik datorrela, gelditu eta egoerak gainditu egiten zaituela onartzeko beldurretik”.
“Gaitzespena, batez ere, beldurretik dator, egoerak gainditu egiten zaituela onartzeko beldurretik”
Maitane Garcia, terapeuta
«Inbertsio bat»
Erreportaje honetan parte hartu duten hiru pertsonek uste dute Gizakia Helburu proiektura batzea “bizitzako inbertsio bat” dela. Errazkinek azaldu du ezagutzen duela Hernanin alkoholagatik Gizakia Helburu proiektuan tratatua izan den pertsona bat: “Atera egin da proiektua bukatu duelako, eta graduazio egunean familiakoak han izan ginen, eta asko gustatu zitzaidan. Amaieran ere badago esker oneko sentimendu bat eta prozesua nola joan den aztertzeko gune bat. Oso hunkigarria izan zen egun hori guretzat”.
Terapeutak gogorarazi du programa doakoa dela, eta bertan parte hartzeko jendea “oso gaizki” egon behar bada ere, askotariko laguntza profesionala eskaintzen duela: gizarte hezitzaileak, irakasleak, medikuak, erizainak, abokatuak… “Arlo horietan, hona etortzen diren pertsonak artatuak izaten dira, eta beraien etorkizuna bide onetik eramaten laguntzen diete. Horregatik diot hemen egotea etorkizunerako eta bizitzarako inbertsio bat dela”, azaldu du Garciak.
Max ere ados dago terapeutak esandakoarekin, eta Gizakia Helburun erabiltzaileen arazoak konpontzen laguntzen dutela uste du. “Pertsona bakoitzak bere ametsak ditu, baina norbait gaizki dagoenean, ezin ditu amets horiek bete. Sorgin-gurpil batean sartu eta ezinezkoa da bertatik bakarrik irtetea, eta hemen, horretan laguntzen dizute. Egia da, batzuetan, terapeutak etsai gisa ikusten dituzula, baina azkenean, ohartzen zara gertatu ahal izan zaizun onena direla, beti izango duzulako beraien babesa. Esker hitzak besterik ez ditut proiektuarentzat eta Izan Fundazioarentzat”, nabarmendu du Maxek.
Elkarrizketa amaitu ostean, mezu itxaropentsu batekin agurtu gaitu erabiltzaileak: “Ea hurrengo elkarrizketa Lasaon egiten dugun, fase hau gainditu ostean”.