Irtenbide bat nahi dute «utzita» eta «ahaztuta» dagoen lursailarentzat
Altzako kiroldegiaren eta Harri Berri-Oleta ikastetxearen arteko lursail txiki bat hesituta eta erabat utzita dago, duela hainbat urte, amiantoarekin kutsatuta dagoelako. Eremua behingoz txukuntzeko eskatzen ari dira bizilagunak.

Duela hilabete batzuetatik hona, egunero, pankartak ikusten dira Altza pasealekuko lursail txiki bat inguratzen duten hesietan, lursail hori txukundu dezatela eta pankartak kendu ez ditzatela eskatzen dutenak. Izan ere, inguruko bizilagunak «nazkatuta» daude eremu hori horrela edukitzeaz: «Kiroldegia ireki baino lehenagotik dago hau horrela, utzita, ahaztuta eta zaindu gabe, aurrekoa bota zutenetik. Hesiak jarri zituzten, eta, ordutik, horrela dago», azaldu du Iñigo Izargarai altzatarrak. Gogoratu behar da kiroldegi zaharra 2016ko abenduan hasi zirela botatzen.
Kiroldegiaren eta Harri Berri-Oleta ikastetxearen artean dago lursaila, eta Altza pasealekura ez ezik, Arriberri aldera ere ematen du. Ordea, utzita dagoenez, landaredia kontrolik gabe hazi da bertan, zaborrez beteta dago, arratoiak daude, garai batean zeuden bankuak jada ez daude eta Altza pasealekutik Arriberrira igotzeko bertan dauden eskailerak puskatuta daude.
Horrek guztiak segurtasun arazoak sortzen dituela salatu du Izargaraik: «Hesituta dago, baina hesiak ez ditu inork kontrolatzen eta, beraz, askotan, erori egiten dira eta erraza da sartzea. Ondoan, adibidez, frontoi bat dago, eta haurrak askotan sartzen dira lursail horretara joaten zaizkien pilotak jasotzera».
Amiantoa da arrazoia
Donostiako Udaleko iturriek azaldu dutenez, lursail horretan amianto material kutsakorra detektatu izana da eremua hesituta edukitzearen arrazoia: «Amiantoaren presentzia dela eta, Eusko Jaurlaritzari dagokio esku hartzea, nahiz eta garbiketa udalak egingo duen. Horretarako, diru sail bat dago jasota aurrekontuan, baina Eusko Jaurlaritzaren baimenaren zain gaude, eta, diotenez, maiatzerako irits daiteke baimen hori».

Lursailetik Harri Berri-Oleta ikastetxera dagoen sarbidea, egun, erabilerarik gabe, duen egoera txarragatik.Beñat Parra
Gogoratu behar da, ordea, kiroldegiaren inguruko lurretan, lursail horren ondoan hain zuzen ere, amiantoa aurkitu zutela eta hori kentzeko lanak izan zirela, besteak beste, kiroldegi berriko lanak nabarmen atzeratzeko arrazoietako bat, langileen kontura izan zen iruzurraz, pandemiaz eta beste faktore batzuez gain. Ordea, lursail horretan ez zuten esku hartu orduan.
Eskolarentzat sarbide aproposago bat sortu daiteke hor, haurrentzako parke bat jarri edo lehengo bankuak eta eskailera berrezarri
Amiantoa gora-behera, Jaurlaritzak baimena eman bitartean, eremua garbi mantentzeko eskatzen ari dira bizilagunak. Udaleko iturriek diotenez, aldiz, orain arte ez garbitu izanaren arrazoia da ezin direla «garbiketako langile batzuk beharrezko baldintzarik gabe sartu amiantoa duen lursail batean».
Izargaraik nabarmendu duenez, eskolarentzat sarbide aproposago bat sortu daiteke hor —badago lursail horretara ematen duen ate bat ikastetxean—, errepidera ematen duen egungo sarbidea baino seguruagoa; haurrentzako parke bat jarri daiteke edo garai batean zeuden bankuak eta atzeko eskailera berrezarri: «Dena delakoa egin dezatela, baina behingoz garbitu eta erabilgarri jarri dezatela eremua, urte asko pasatu dira eta!».