'L’histoire de Souleymane' filmak irabazi du 22. Giza Eskubideen Zinemaldiko Ikusleen Saria

Boris Lojkinek zuzendutako L’histoire de Souleymane (Frantzia, 2024) filmak lortu du Film Luze Onenaren Ikusleen Saria Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldian.
Luciana Kaplanen Tratado de invisibilidadek (Mexiko, 2024) jaso du Film Luze Onenaren Amnesty International Saria. 2010etik, AIk izendatutako epaimahai batek ematen du sari hau. Epaimahaiaren iritziz, “filmak agerian uzten du, zorroztasun estetikoarekin eta maila zinematografiko handiarekin, emakume horien esplotazioa eta egoera horrek eragiten duen eskubide urraketa”.
Ione Ituarte kultur ekitaldien ekoizleak, Kristina Zorita kazetari eta zinemagileak, eta Miguel Angel Ramos, Javier Maura eta Itziar Zeberio Amnesty Internationaleko ordezkariek osatutako epaimahaiak aipamen berezia Waves (Vlny, 2024) filmari ematea erabaki du ere, Txekiar Errepublikako eta Eslovakiako koprodukzio honek “Pragako Udaberrian adierazpen askatasunaren aldeko borrokari heldu diolako, gaur egun ere mehatxupean dagoen eskubideari, alegia”.
Ali Reza Shah Hosseiniren Black Scarf (Iran, 2024) filmak Film Labur Onenaren Gazte Epaimahaiaren Saria irabazi du, 3.000 eurorekin hornitua, eta Iñaki Alforja eta Iban Toledoren 16060 egun (2024) filmak, berriz, Euskal Film Labur Onenaren EITB Saria (1.000 euro), aurten lehen aldiz banatu dena.
Gaur arratsaldean, 20:00etan, itxiera galan banatuko dira sariak. Ondoren, zinemaldiaren edizio honi amaiera emateko aukeratutako filma proiektatuko da, Good One (AEB, 2024), India Donaldsonek zuzendua.
Zortzi egun hauetan, film luzeak eta laburrak proiektatu dira, hainbat eztabaida, mahai inguru eta beste hainbat jarduera egin dira, eta oraindik zabalik dauden hiru erakusketa antolatu dira.