San Bartolomek ez du merkataritza zentrorik eta lurpeko aparkalekurik izango
Donostiako Udal Gobernuak Erdialdeko mendi magalean aurreikusitako proiektua bertan behera uzteko borondatea du.

San Bartolome muinoan merkataritza zentro bat eta lurpeko lau solairuko aparkaleku bat eraikitzeko proiektua bertan behera utzi du Donostiako Udal Gobernuak. Gaur goizean, Eneko Goia alkateak egindako presazko agerraldian jakinarazi du erabakia, Jon Insausti jeltzaleen eta Ane Oiarbide sozialisten bozeramaileekin batera. “Hau da har dezakegun erabakirik onena”, adierazi du Goiak.
Udalak San Bartolome Muinoa sozietatearen %37 ordezkatzen du, baina horrela ere sozietateko bazkideen artean adostasuna lortzea aurreikusten du udalak proiektua baztertzeko. Sozietatearen gainerako bazkideak Polizia Nazionala (kuartela zegoen lurren titularra) eta hainbat eraikuntza enpresa dira. Hain zuzen ere, sozietateak kontratu bat dauka promotore pribatu batekin, aipaturiko azpiegiturak jartzeko San Bartolomeko magalean. Kontratua bertan behera uzteko itxaropena agertu du alkateak.
Etorkizunari begira, berriz, eremuan zer eraiki aurrerago erabakiko dutela esan du Goiak: “Gero ikusiko dugu zer egiten dugun han”. Izan ere, sozietateak defizit nabarmena du —12 milioi euro ingurukoa—, eta horri aurre egiteko beste proiektu bat adostu beharko dute.
San Bartolome, iraganetik orainera
Aspaldikoa da San Bartolome birsortzeko asmoa, eta betidanik izan da polemikoa. Hiru udal gobernu eta alkate desberdinek izan dute eskuartean. Odon Elorza sozialistak proposatu zuen, eta haren udal gobernuak 2005eko azaroan eman zion hasierako onarpena. Oztopoak oztopo, 2010ean hasi ziren San Bartolome birgaitzeko lanak aurreikuspen honekin: 532 etxe berri eraikitzea eta 1.000 garaje plaza inguru. Ordutik, aldaketa ugari izan ditu hirigintza planak.
Alkateak azaldu duenez, 2014an, Goia EAJren udaleko bozeramailea zenean, Bilduren udal gobernuak bilera batera deitu zituen oposizioko hiru bozeramaileak: “Bilera hartan egoeraren berri eman zitzaigun; eta egoera zen operazio hau aurrera zihoala, zituen karga gehienak eginda zeudela, eta etxeak ez zirela saltzen ari. Eta saltzen zirenak, metro koadroko 5.000 euroan saltzen ari zirela. Beraz, zerbait egin beharra zegoela sozietateak kiebra jo ez zezan. Irteera bat planteatu zitzaigun, eta hiru elementu aurreikusten zituen: hotela, Easo eta Lizarra kaleen arteko izkinan etxebizitzak egitea eta hirugarrena, merkataritza gunea eta aparkalekua egitea. 2014an udalean geunden lau taldeek aho batez baiezkoa eman genion planteamendu horri”.
Horrela, Plan Orokorra aldatzeari ekin zioten, proiektu berri hori txertatzeko. “Hori Juan Karlos Izagirrek alkate zelarik hasi zuen, aho batez onartu genuen plenoan, eta guri tokatu zaigu hori burutzea eta bukatzea. Horren ondorioz, ezagutzen dituzuen pieza batzuk gaur egun hor daude: Lizarra eta Easo kalearen izkinan dagoen etxebizitza blokea eta Catalonia hotela. Hirugarren pieza zen oraindik egiteko gelditzen zena, eta eztabaida eta zalantzak sortu dituen pieza izan da hori”, nabarmendu du alkateak.
Hirugarren “pieza” horren harira, EH Bildu hedabide honekin harremanetan jarri da bere bertsioa plazaratzeko: “San Bartolomen merkataritza zentroa jartzea ez zuen Bilduren gobernuak planifikatu. Hirugarren gune horri erabilera tertziarioa ematea proposatu zen. Hau da, gimnasio bat, bulegoak eta beste jartzeko. Ez zitzaion erabilera tertziario komertziala eman. Ez da gauza bera. Erabilerak hainbat izan daitezke, eta hori da udalbatzak onartu zuena”.
Kontrako jarrera
Merkataritza zentroaren eta lurpeko aparkalekuan proiektuak kontrako jarrera izan du jakinarazi zenetik. Horren aurka agertu ziren auzotarrak eta merkatarien elkarteak. 2023ko apirilean, Dendartean eta BaGera elkarteek San Bartolome Hirigintza Esparruko Plan Bereziaren kontrako helegitea aurkeztu zuten EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Erabaki horrekin bat egin zuten Erdian Bizi eta Amara Bai auzo elkarteek eta Donostia Defendatuz koordinakundeak. Proiektua “ilegala” zela adierazi zuten.
Auziez harago, Odon Elorza alkate ohia proiektuaren kontra agertu zen —alkate zenean erabakietan parte hartu zuen arren—. Iazko ekainean, San Bartolomeko mendi magala hiri parke bihurtzea proposatu zuen. Aldiz, duela gutxi, apirilaren hasieran, San Bartolomeko Herritarren Plataforma aurkeztu zuen Elorzak udaletxean, Erdian Bizi auzo elkartearen eta Elkarrekin Donostia alderdiaren babesarekin, besteak beste.
Erabakiak kudeatu beharra
Alkateak nabarmendu duenez, berak badaki “eztabaida, zalaparta eta zalantzak” sortu dituen proiektua dela merkataritza gunearena eta aparkalekuarena. “Nik hori ez dut ukatuko, entzuten badakit”, adierazi du.
Hala ere, alkateak azaldu du gauzak ez direla beti “errazak” izaten, eta erabakiak hartu behar direla, baina ondoren erabaki horiek kudeatzeak “lanak” eskatzen dituela eta ondorioak izaten dituela. “Hala ere, erabakia hartu dut, eta ondorioak kudeatzea tokatuko zaigu hemendik aurrera. Oso garbi ikusten dut 2014an orain egiteko falta den proiektu horri buruz hiriak izan zezakeen pertzepzioa beste bat zela, eta hamaika urte hauetan hori aldatzen joan dela. Horrez gain, hiriaren zonalde horrek azken urteetan obra afekzio handiak ezagutu ditu topoaren obrak direla eta, eta horrek ere suposatuko luke afekzio handi horrek aurrera jarraitzea”, aitortu du alkateak.
Horrez gain, jabetu dira salerosketa kontratua gauzatzea “izugarrizko zailtasunak” izaten ari dela une honetan San Bartolome Muinoa elkartearen eta eroslearen artean, eta etengabe atzeratzen ari dela. “Hori guztia ikusita, guk hartu dugun erabakia da San Bartolome Muinoa elkartearen administrazio kontseiluan, bi aldeen arteko akordioa lantzea kontratu hori bertan behera uzteko eta proiektua eteteko”, azaldu du alkateak.