Victoria Cafe 'Bittori' dantzalekua itxiko dute

Herritar asko eta askoren parrandarako leku erreferentea izan da urte luzez Viktoria Eugenia antzokiko behealdean dagoen Victoria Cafe diskoteka, Bittori gisa ere ezaguna. Ordea, 17 urteko ibilbidearen ostean, hilaren 26an itxiko dute.
Hala jakinarazi dute sare sozialen bidez, gaztelania hutsean: “Apirilaren 26koa gure azken gaua izango da… eta badakigu ez duzuela galduko. Bittoriko azkena ahaztezina izango da!”. “Denbora honetan guztian partekatu ditugun oroitzapenekin gelditzen gara: egunsentira arteko dantzaldiak, ezkontzak, urtebetetzeak, jaialdiko festak… gure zutabeek hitz egingo balute…”.
Horrela, bezeroei eskerrak ematearekin batera, iragarri dute gauerditik 06:00ak arte irekita egongo dela dantzalekua, gaur (hilak 11), bihar (12) eta hurrengo bi larunbatetan (19 eta 26).