Atxilotu dituzte Bidebietako hilketaren ustezko egileak

Ertzaintzak gizon bat eta emakume bat atxilotu ditu, joan den martxoaren 8an Bidebieta auzoan izandako hilketa baten egileak direlakoan. Atxiloketa asteartean izan zen, auzo bereko Julio Urkijo kaleko 38. zenbakian, eta hildakoa agertu zen lekutik minutu gutxira. Atxilotua kartzelan sartu dute eta emakumea aske geratu da kautelazko neurriekin, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Biktima, Nicomedes Lopez, auzoan oso ezaguna zena, goizaldeko ordu biak aldera aurkitu zuten, Kontadores inguruan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak orduan jakinarazi zuenez, gizonezkoa konortea erdi galduta zegoen, eta ospitalera eraman zuten, zuzenean. Handik ordu batzuetara, haren heriotzaren berri eman zuten. Gertaerak zirrara handia eragin zuen auzoan, biktima ostalaritzan ezaguna zelako.
Egindako ikerketen ondorioz, ustezko bi egileak nortzuk ziren jakin da, eta, azkenean, eraiketa bat eta indarkeriaz egindako lapurreta bat izan zirela ebatzi du Ertzaintzak.
Espetxea gizonezkoarentzat
Hala, asteartean, 31 urteko gizon bat eta 33 urteko emakume bat atxilotu zituen Poliziak, giza hilketa eta indarkeria bidezko lapurreta delituak egotzita, biktimaren telefono mugikorra eta beste gauza batzuk bereganatu baitzituzten.
Segurtasun Sailak adierazi duenez, bi atxilotuek polizia-aurrekari ugari dituzte, batez ere ondarearen aurkako delituengatik. Epailearen esku utzi dituzte biak, eta gizona espetxeratzea eta emakumea aske uztea erabaki dute, kautelazko neurriekin.