San Bartolomeko proiektua bertan behera uztea «pozgarria» dela uste du Erdian Bizi elkarteak

Erdian Bizi auzo elkartearen ustez, “pozgarria” da Donostiako udalbatzak aho batez San Bartolome muinoaren iparraldeko hegalaren azpian merkataritza gune bat eta txandakako aparkaleku bat eraikitzeko prozesua bertan behera uztea.
Elkarteak ohar batean adierazi duenez, “arrazoiaren eta sen onaren garaipena” izan da. “Poztekoa da, bereziki, hurbilen dagoen eremuko biztanleentzat eta merkatarientzat amesgaiztoa amaitu delako, haien etorkizun pertsonal eta profesionalari kalte handia egiten baitzitzaion”, nabarmendu dute.
Azaldu dute erabakiaren ondoren alkateak emandako prentsaurrekoan egindako adierazpenen arabera, “udalbatzak bereak egiten dituela” prozesuaren hasieratik hainbat elkartek (tartean, Erdian Bizi) eskainitako argudioak. “Errekonozimendu hori pozgarria da Erdian Bizi elkartearentzat eta, aldi berean, gure inplikazio eta proposamenekin jarraitzeko animatzen gaitu, Donostia bizigarria, solidarioa eta bere nortasunarekiko fidela izan dadin”, adierazi du elkarteak.
Ildo horretan, muinoaren iparraldeko hegalean “parke edo berdegune bat egiteko izango den proiektuan” parte hartuko dutela baieztatu dute, “ahal duten neurrian”. Era berean, adierazi dute beraien proposamenekin esku hartzen saiatuko direla San Bartolomeko hiri ingurunea “duintzeko eta berpizteko” aurki egingo den plangintzan.