Urrian zabalduko dute Basque Culinary Centerren GOe egoitza berria

Gastronomy Open Ecosystem (GOe) eraikinaren lanak azken etapan sartu dira dagoeneko, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko (BCC) zuzendariak gaur Donostian egin duten bisita instituzionalean azaldu duenez.
BCCko zuzendariaren arabera, “GOe errealitate bat da, gero eta nabariagoa eta ukigarriagoa”. Hala, aurreratu du zentro berriak urrian irekiko dituela ateak “prestakuntza espezializatuarekin, ikerketa eta berrikuntza gastronomikoarekin, ekintzaileei laguntzeko programekin eta herritarrentzako jarduera programa zabal batekin lotutako jarduerekin”.
Aizegak adierazi du eraikuntza plana “zorrotz” betetzen ari dela eta obrak “epe barruan” doazela. Gainera, GOe EAErentzat “proiektu estrategiko” gisa definitu du: zortzi sukalde, hamar laborategi, analisi sentsorialerako gela, sormenerako gune bat, ikus-entzunezko ekoizpenerako estudio bat, mila metro koadroko bi coworking gune, enpresentzako, ikasgelentzako eta sukaldeentzako espazioak, gela balioaniztunak, 200 pertsona baino gehiagorentzako edukiera duen auditorioa, esperimentaziorako eta testatzeko jatetxe bat eta kantina bat izango ditu.
Zuzendariaren arabera, BCC eta erakundeak lanean ari dira hiru fasetan garatuko den zentro horren inaugurazioan. Fase bat auzoari eta hiriari begirakoa izango da, bigarrena instituzionala eta hirugarrena soziala, komunitate gastronomikoarentzat.
Amaierako lanak
Eraikinaren egitura amaitu ondoren, lanak eraikinaren barruan egingo dituzte orain, instalazioak, zatiketak eta akaberak itxiz, eta kanpoaldean, lorategidun estalkiak eta fatxada egingo dituzte.
Eraikina Bjarke Ingels Group (BIG) estudioak diseinatu du eta Construcciones Amenabarrek egin du. GOe-Gastronomy Open Ecosystem BCCk gidatutako proiektua da, estrategia partekatua du eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak babesten dute.
Proiektua Manteon egiteko asmoa zegoela jakin zenetik, asko izan dira proiektuaren aurka ahotsa altxa nahi izan duten hiritarrak, izan ere, eraikina bertan eraikitzeak han zegoen gune berdea “suntsitzea” zekarrela kritikatzen zuten hiriko eragileek. 2023an egindako erreportaje honetan irakur daitezke proiektuaren nondik norakoak, eta aldeko eta aurkako iritziak.