Easo kalea, San Martin eta San Martzial kaleen artean, trafikoarentzat itxita egongo da uztailera arte, topoko lanak direla eta
Etorkizuneko Zaragoza plazaren diseinua lantzeko partaidetza prozesu bat abiaraziko du udalak. Lehen bilera hilaren 28an izango da, udaletxean.

Topoa eraikitzeko lanak azken txanpan sartu dira, baina Euskal Trenbide Sareak jakinarazi duenez, oraindik eragina izango dute lanek Donostiako hainbat eremutan. Horietako bat San Martin kalea, Artzain Onaren parean, eta Loiola kalearen azken zatia urbanizatzeari dagokiona izango da. Bertan, topoaren sarbidea kokatuko da, oinezkoentzako gune berri bat sortuz. Gune hori lehengoratzeko proiektua idazten ari dira gaur egun, eta 2026an zehar gauzatuko da.
Amaitzear dagoen beste ingurune bat Aita Donostia plaza da, Anoetako topoaren geltokian sarbide berri bat sortzeari lotutako esku hartze bat. Lehengo biribilgunearen ordez, oinezkoentzako plaza handi bat sortu dute. Gainera, egiten ari diren sarbide berriak Anoeta estadioaren aurrealdea berrurbanizatzea ekarriko duela azaldu du ETSk, “garrantzi intermodal handia” izango duena, topoaren sarbideak bidegorriekin edo Dbusen geltoki berriekin lotuz.
Bestalde, uda honetan, Easo eta San Bartolome kaleek “normaltasuna” berreskuratuko dutela adierazi dute, eta oinezkoentzako leku gehiago izango dutela. San Bartolome kalearen kasuan, Easo eta Urbieta arteko tarte hori ireki ondoren, espaloi zabalagoak izango ditu eta Urbietarako noranzkoan norabide bakarreko bi errei izango ditu (bata ibilgailu pribatuentzat eta bestea garraio publikoarentzat), zamalanetarako gune batez gain. Easo kalean, oinezkoentzako guneak are garrantzi handiagoa izango du, eta errei bakarra izango du, garraio publikorako. Horrez gain, Arrasate kalearekiko elkargunean, galtzada goratu bat sortuko da, oinezkoentzat dela nabarmentzeko.
ETSk azaldu duenez, Easo kalea bera Xabier Zubiri plazan sortuko den oinezkoentzako gune berriarekin lotuko da. Plaza hori abuztuaren amaieran amaituta egongo da, eta trafikoz inguratutako uharte izateari utziko dio. “Plazak oinezkoentzako hainbat pasabide izango ditu, horietako batzuk goratuak, eta ibilgailuak igarotzeko erabiliko den Zubieta kalearen aurrealdea berdegune batek babestuko du”, zehaztu dute.
Errondo pasealekuaren inguruari dagokionez, Familia Santuarekin eta Jose Maria Salaberria kalearekin osatzen duen triangeluaren parean moztutako zatia datorren uztailean irekiko da berriro. Morlans errekastoaren desbideratzearen ondorioz, obretan dagoen eremuaren berrurbanizazioa ez da osatuko 2026ko lehen zatira arte. Azkenik, Errondo pasealekutik Amarako etorkizuneko geltokirako sarbidea (gaur egungoa ordezkatuko duena) egingo da, Easoko trenbide hondartzan jarduerak amaitu ondoren.
Zaragoza plazarako partaidetza prozesua
Topoaren lanekin lotuta abian jarriko diren hurrengo esku hartzeetako bat Zaragoza plazari buruzkoa da. Ildo horretan, udalak, inguruko eragile batzuekin batera, partaidetza prozesu bat egingo du etorkizuneko plazaren diseinua herritarrekin lantzeko.
Datorren apirilaren 28an, 19:30ean, lehenengo bilera egingo da udaletxeko osoko bilkuren aretoan, Herritarren Partaidetzarako Zerbitzuak zuzenduta. Bertan parte hartuko dute Proiektu eta Obrak eta Mugikortasun zuzendaritzek, inguruko bizilagunek, merkatariek eta inguruko beste jarduera ekonomiko batzuen arduradunek.
Lan saio horretan, plazaren lehen zirriborro bat aurkeztuko da, eta hortik abiatuta, elkarrizketa bat hasiko da, azken diseinurako beharrezkoak diren ondorioak ateratzeko. Saio honetan eta ondorengoetan landutakoarekin, eta beharrezko bideragarritasun azterketak eginda, amaierako proiektu bat idatziko da.
Hurrengo lanak
Aipatutako esku hartzeak gauzatzeko, azken lanak egin beharko dira datozen hilabeteetan, eta horietako batzuek eragina izango dute trafikoan. Azken txanpa honetan honako lan hauek egingo dira:
• San Bartolome kalea berrurbanizatzea (Easo – Urbieta): Ibilgailuentzat itxita jarraituko du uztailaren hasierara arte.
• Easo kalea berrurbanizatzea (San Martin – San Martzial): Tarte horrek azken txanpari egingo dio aurre, eta apirilaren 22tik uztailaren hasierara arte itxita egongo da. Trafikoa San Martin / Manterolatik desbideratuko da. Arrasate kaleak, Easo parean, mozketa puntualak izango ditu epe horretan.
Gune horretan ibilbidea egiten duten Dbuseko lineek ibilbidea aldatuko dute:
• 19, 31, B2 eta B4 lineek Easo 19tik Easo 27ra aldatuko dute geltokia.
• 23 eta 32: Easo Plaza eta Urbieta 38 geltokiak kendu dira, eta Bilbo Plaza eta Urbieta 58 geltokietara lekualdatuko dira. Ez da geldialdirik egingo Easo 19n.
• Xabier Zubiri plaza berrurbanizatzea: Plaza itxita egongo da abuztuko bigarren hamabostaldira arte, trafikoari eragin gabe. Orduan irekiko da berriro, Easo kaleari lotutako oinezkoentzako espazio berrituarekin.
• San Martin saneamendua: Saneamendu lanekin jarraitzeko, apirilaren 23an, asteazkena, Urbieta kalea, San Martin parean, bi erreira murriztuko da hilabete batez, gutxi gorabehera. Trafiko pribatua Askatasunaren hiribidetik desbideratuko da, garraio publikoa Urbietatik igarotzea lehenesteko. Ondoren, Urbieta kalea, San Martin kalearen parean, errei bakarrera murriztuko da, zehaztu gabeko asteburu batzuetan.