Karmele Jaio izango da Liburuaren Nazioarteko Eguneko idazle gonbidatua aurten

Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da hilaren 23an, eta Donostia Kulturak, Liburu denden elkartearekin batera, azoka antolatuko du Gipuzkoa plazan. Aurten, Karmele Jaio izango da azokako idazle gonbidatua eta irakurleek bera entzuteko eta liburuetan sinadura jasotzeko aukera izango dute. Azoka 09:15etik 20:00etara egongo da zabalik, eta liburu denden hamabi stand egongo dira.
Salmahaiez gain, Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak informazio gune bat izango du azokan. Bertan eguneko programari buruzko informazioa emango du, baita liburutegien zerbitzuei buruzkoa ere. Hurbiltzen direnentzat orri markatzaileak egongo dira eskuragarri, Gregorio Muro ilustratzaileak liburuaren eguna dela-eta egin duen diseinua dutenak. Gainera, liburuak erosteagatik, txartelak banatuko dira. Horiekin opari liburuak, %5eko deskontu txartelak, eta doako pintxoak lortu ahal izango dira.
Jarduerak
Liburuak erosteko aukera izateaz gain, helduentzako eta haurrentzako jarduerak egongo dira egunean zehar. 11:00etan, Pantzart taldeak Txan Fantasma txotxongilo emanaldia eskainiko du, 5-9 urteko umeentzat, Mariasun Landa idazlearen liburu ezagunean oinarritutako ikuskizuna.
Arratsaldean, ipuin kontaketa eta eskulanak egongo dira Mestiza elkartearen eskutik. Halaber, irakurle onenek saria izango dute. Izan ere, 2024. urtean Donostiako liburutegi sareko mailegu zerbitzuan liburu gehien hartu zituzten hamar haurrei emango zaie saria. Ume bakoitzari diploma eta 30 euroko txartel bonu bana emango zaio, Donostiako liburu dendetan liburuak erosteko.
19:00etan, Xabier Mendigurenek Karmele Jaio aurtengo azokako idazle gonbidatua elkarrizketatuko du. Horren aurretik, irakurleen liburuak sinatuko ditu Elkar liburu dendako postuan. Hirugarren urtea da azokak idazle gonbidatua duela. Karmele jaiok Aitaren etxea nobelarekin 2019ko Euskadi Literatura Saria eta 111 Akademiaren sariak irabazi zituen, beste batzuen artean. Bere lanak hainbat hizkuntzatara itzuli dira. Bere azken eleberria Maitasun kapitala (2023), gazteleraz Amor capital (2024), liburutegietako mailegatuenen artean dago.
Horrez gain, Flannery O’connor idazlearen lana hobeto ezagutzeko aukera ere izango da, bere jaiotzatik 100 urte betetzen direnean. Horretarako Itziar Otegi itzultzailea izango da azokan, Ez da erraza gizon on bat aurkitzea liburuari buruz hitz egiten.
Egitaraua osorik hemen irakur daiteke.