Bertan behera geratu da Avanza Gipuzkoako langileen greba
Langileen ordezkariek adierazi dute aldarrikapenekin aurrera jarraituko dutela, eta laster jakinaraziko dituztela mobilizazio berriak.

Avanza Gipuzkoako langileek Aste Santurako aurreikusita zuten greba bertan behera geratu dela jakinarazi du Lurraldebusek. Hilaren 8an prentsaurreko bat eskaini zuten Egiako autobus geltokian beren egoeraren eta Aste Santuan aurrera eraman behar zituzten ekintzen berri emateko. Lan baldintzak eta lan hitzarmena salatu zituzten, eta lanaldiari dagokionean akordio bat erdiesteko enpresak zuen “borondate eza” eta Aldundiaren babesa zuela ikusita, ELA, Aurrera eta LAB sindikatuek Aste Santuan greba egitea erabaki zuten.
Hala, gaurko (hilak 16) 02:00etatik hilaren 22ko 02:00etara bitartean eten behar zuten zerbitzua, baina Lurraldebusek azaldu duenez, bertan behera utzi dute greba hori. Beraz, Donostiatik Bilbora, Gasteizera eta Loiuko aireportura doazen autobusek ohiko funtzionamendua izango dute.
Aldarrikapenekin jarraituko dute
EITBk argitaratu duenez, grebaren jakinarazpenean izandako atzerapenagatik geratu da bertan behera lanuztea, itxura guztien arabera. “Hamar eguneko aurrerapenez jakinarazi behar da greba deialdia. ELA eta LAB sindikatuek apirilaren 5ean jakinarazi zuten Jaurlaritzan, baina enpresari apirilaren 7an adierazi zioten grebaren lehen eguna gaur zela, 9 egun lehenago, alegia. Greba legez kanpokoa dela salatu zuen enpresak eta ondorioz deialdia osoa utzi dute bertan behera”, jakinarazi du aipaturiko hedabideak.
Hala ere, sindikatuen arabera, enpresak ez du egoera bideratzeko borondaterik eta, bien bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundia “ezikusiarena” egiten ari da. Hala, gatazkan esku hartzeko eskatu diote foru erakundeari. Horrez gain, langileen ordezkariek adierazi dute aldarrikapenekin aurrera jarraituko dutela, eta laster jakinaraziko dituztela mobilizazio berriak.