Zinemaldiak Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren deialdia ireki du

Donostia Zinemaldiaren hamalaugarren Koprodukzio Foroak Europako eta Latinoamerikako ikus-entzunezko proiektuentzako deialdia egin du. Proiektuek gutxienez 60 minutuko iraupena izan behar dute, baita finantzaketaren %20 ziurtatuta eduki ere. Europako proiektuek Latinoamerikarekin lotura zuzena izan behar dute.
Foroa Zinemaldiko bi work in progress-ekin bat dator honako egitasmoa: Europako ekoizpenei zuzendutako WIP Europa eta Latinoamerikako ekoizpenei zuzendutako WIP Latam. Topagune bat da, eta harremanak eta akordioak errazten ditu zinema industriako profesionalen artean.
Hautatutako proiektuek lau sari jasotzeko aukera izango dute: Proiektu Onenaren Saria, DALE! Saria (Latinoamerika-Europa Garapena), ArteKino International Award eta Casa Wabi-Escine Saria. Gainera, Ventana Sur ekimenarekin egindako lankidetzari esker, Foroaren barruan hautatutako Europako proiektuek Proyecta jardueran parte hartu ahal izango dute, eta Latinoamerikako ekoizleek —baldintzak betez gero— hurrengo Marché du Film-Canneseko zinema-jaialdiko jardueran parte hartzeko aukera izango dute.
Zinemaldiak hogei proiektu aukeratuko ditu gehienez ere, hiru aditu hauen txostenetan oinarrituta: Agustina Chiarino ekoizlea eta Donostia Zinemaldiko Hautespen batzordeko kide diren Esperanza Luffiego eta Javier Martin programatzaileak. Martin Zinemaldiaren Latinoamerikarako ordezkaria ere bada.
2012an sortu zenetik, Foroan 215 proiektu hautatu dira; horietatik 105 osatu eta zinema-aretoetan estreinatu dira, baita nazioarteko zinema-jaialdietan ere, besteak beste, Cannesen, Berlinen, Venezian, Sundancen, Locarnon eta Donostian. Hala, Iván Funden El Mensaje / The Message filmak Zilarrezko Hartza epaimahaiaren saria Berlinaleko 2025eko edizioan irabazi zuen. Bestalde, Laura Casabéren La virgen de la Tosquera / The Virgin of the Quarry Lake filma lehiatu da aurten Sundance zinema-jaialdiko World Cinema Dramatic Competition sailean, eta 2024an Horizontes Latinos sailean parte hartu zuten Mariana Rondónen Zafari filmak eta Celina Murgaren El aroma del pasto recién cortado / The Freshly Cut Grass lanak, azken honek Tribeca zinema-jaialdian gidoi onenaren saria irabazi ondoren.