Mikel Gardoki oroituko dute larunbatean
50 urte beteko dira Polizia frankistak Ategorrietako bizilaguna tiroz hil zuenetik.
Egiari Zor fundazioak Mikel Gardoki Azpiroz oroituko du larunbatean (hilak 26) Ategorrietako frontoian, 12:00etan, Egia jakiteko garaia da lelopean. Izan ere, ostegunean (hilak 24), 50 urte beteko dira Polizia frankistak 1975ean tirokatuta hil zuenetik, Astigarragako Ergobia auzoan. 1949an Andoainen jaio zen Gardoki, eta laster joan zen Ategorrietara bizitzera.
Erregimen frankistaren bertsio ofizialaren arabera, ETAko kidea zen Gardoki gaztea eta, lagun batekin batera Ergobiako taberna batetik ateratzean, polizia agenteen aurka tiro egiten hasi ziren; bertsio horren arabera, agenteek ere tiroz erantzun zuten eta Gardoki hil zuten. Ordea, Egiari Zor fundazioak gogorarazi duenez, lekukoek bestelako bertsio bat eman zuten, sinesgarriagoa: “Ergobiako bizilagunen arabera, Mikel eta bere laguna korrika atera ziren tabernatik, ihesean. Momentu hartan tabernaren atearen inguruan zeuden poliziek tirokatu zituzten atzetik. Mikel bertan hilda eroriz”.
Fundazioa memorialistak salatu duenez, “mende erdia pasatu bada ere kasu hau argitu lezakeen dokumentazioak Sekretu Ofizialen legepean blindatua darrai. Ekitaldian salatuko dugu gatazkaren testuinguruan estatuaren bortxa pairatu dutenenen aitortzarako bidean Bertsio Ofizialek eta Sekretu Ofizialen Legeak oztopo izaten jarraitzen dutela. Bertsio ofizialen kutxa iluna ireki beharra dago, Sekretu Ofizialen Legea indargabetu behar da. Egia jakiteko dugun eskubidea ezinbestez ahalbidetu behar zaigu”.
Kale bat Ulian
1979tik Gardokiren izena zuen pasealeku bat zegoen Ulian, Ategorrietako frontoitik gertu. Ordea, 2008an, kalearen izena aldatzeko eskatu zion Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritzak Donostiako Udalari; Odon Elorza zen orduan alkate. Gardoki ETAkoa zelakoan, auzia epaitegietara iritsi zen eta, 2011n, kalearen izena aldatzeko agindu zion epaitegi batek udalari; EAJ eta Bildu epaiaren aurka agertu ziren. Egun, Bordatxipi da pasealeku horren izena.