Auzoetan kirolaren inguruko proiektu parte hartzaileak sustatzeko programa abiatu dute

Donostia Kirolak Auzo Kirola jarri du abian, Donostiako auzoetan kirolaren inguruko proiektu parte hartzaileak sustatzea helburu duen programa berria. Kirol eta gizarte eragileen eskutik, Donostia Kirolak baliabideak eta laguntza teknikoa bideratuko ditu jarduera fisikoa edo kirola ardatz nagusi edo elementu garrantzitsutzat duten baina haratago doazen herritarren ekimenetara, osasunarekin, inklusioarekin, kulturarekin, hezkuntzarekin edo hiri birsortzearekin lotutako helburuak lortzeko.
“Kirola gizartea eraldatzeko tresna oso boteretsua da, eta programa hau indar eta aukera horiek aprobetxatzeko bokazioarekin sortu da, auzoetan proiektu zehatzekin lan eginez, betiere kirol eta gizarte sarearekin lankidetzan”, azaldu du Iñaki Gabarain Kirol zinegotziak.
Lehen urratsak
Donostia Kirolak dagoeneko eman ditu lehen urratsak Auzo Kirolarekin. Duela gutxi, Intxaurrondo Kultur Etxearekin eta auzo bereko Emakumeen Elkartearekin elkarlanean, Mendi Urruzuno argazkilariaren Hamaika emakume, Hamaika erronka erakusketa egin du, feminismoaren eta kirolaren arteko harremana aztertzeko, eta 4.500 euroko aurrekontua jarri du horretarako.
Era berean, joan den apirilaren 11n, Altzako Estibaus frontoian zumba jaialdi bat egin zen gazte, haur eta familientzat, auzoko Haurtxoko eta Gaztelekuarekin lankidetzan. Ekimena Jarduera Fisikoaren Munduko Eguna ospatzeko antolatu zen, eta Donostia Kirolak 3.000 euro bideratu zituen ekimen horretarako.
Auzo Kirolak bere kirol ekipamenduak helburu komunitarioekin erabiltzearen inguruko lankidetzak ere aurreikusten ditu. Hori da, hain zuzen ere, Bidebieta auzoko Mendiola Ikastetxearekin egin berri den akordioaren kasua, ikastetxeak pilotalekutik gertu dagoen frontoia lehentasunez erabiltzeko.
Hurrengo proiektuak
Antiguako Pilota Topaketak lau topaketako zikloa sustatu dute 8 eta 13 urte bitarteko haurrekin eta adin guztietako emakumeekin. Apirila eta azaroa bitartean egingo da, eta bi hilean behin topaketa bat egingo da Antiguako eta Ibaetako frontoietan. Halaber, Urrezko Pilota sariaren azken topaketan kirol, kultura edo zientziako pertsona ospetsu bati emango zaio.
Topaketa bakoitzean 40 eta 50 haur artean eta haien gurasoak, Donostiakoak zein Gipuzkoakoak, elkartuko dira, eta jarduera ludikoak (zozketak, txokolatadak, musika) eta pilotari profesional ezagunak ere izango dira. Jardueraren sustatzailea Antiguako Izurun Pilota Kluba da, eta 5.000 euro bideratuko dira jarduera horietara.
Arrobitxuloko bolatokia hobetuko du Donostia Kirolak. Izan ere, Euskadiko Txapelketa Herrerako bolatoki honetan maiatzaren 31n jokatzea aurreikusita dago. Txapelketa hau 2008an egin zen azkenekoz Donostian. Horretarako, instalazioa hobetzeko lanak egingo dira, eta horrek, txapelketaren antolaketarekin batera, 17.000 euroko gastua eragingo du.
Ekainaren 27, 28 eta 29an Egiako Blas de Otero Plazan egingo den Kalean Urban Fest kirol eta hiri kulturaren jaialdia antolatzeko, Gipuzkoa Basket Fundazioak eta Donostia Kirolak akordio bat sinatu dute. Horrela, urtean zehar leku horretan hiri kirolen ekitaldiak antolatzeko, hainbat talderekin batera, gune hori berreskuratzen laguntzeko. Jarduera horietarako 15.000 euro inguru erabiliko dira.
Horrez gain, ekainean, Juan Carlos Guerra plazan dauden kantxa horietan esku-hartze artistikoa eta kirola egingo dira. Mikel Herrero (Innovart) artistaren eta inguruko grafitigileen eskutik, espazio horretan esku hartuko da, nortasun propioa emateko eta auzoarekin duen lotura handitzeko. Ekintza hau Basket Kalean taldeak antolatutako 3x3ko txapelketa batekin osatuko da. Guztira, 8.000 euro bideratu dira ekimen horretara