Bidaia fisiko eta existentzialak XXXI. Ibiltariaren Astean
Haizalde Elkarteak eta Donostia Kulturak antolatutako zikloa, maiatzaren 5etik 8ra bitartean aurrera eramango dute Intxaurrondo Kultur Etxean.

Haizalde Elkarteak eta Donostia Kulturak beste behin antolatu dute Ibiltariaren Astea. Zehazki, mundua beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera emango duen 31. aldia da aurtengoa. Maiatzaren 5etik 8ra bitartean aurrera eramango dituzten lau saioetan, bost bidaiarik beren lekukotza partekatuko dute. Aurtengo egitaraua bizipen indartsuz beteta dator, bidaia fisiko zein existentzialak kontatuko dituzten protagonistekin:
- Maiatzaren 5ean, Vuelta al mundo en moto a los 55 años: un viaje hacia el alma hitzaldian Marta Insaustik bizitzako momentu erabakigarri batean egindako bidaia sakona kontatuko du.
- Maiatzaren 6an, Westfjords, Islandia ezezagunena bizikletaz hitzaldian, Igone Mariezkurrena Islandiako Westfjords inguru ezezagunetan barrena egindako bizikleta-bidaia hizpide izango du.
- Maiatzaren 7an, 10 años de vida nómada saioan, Mikel Perez Colmenarrek azken hamarkada nomada baten kontakizuna partekatuko du.
- Maiatzaren 8an, 250 egun, tandemen Afrikarantz, Garbiñe eta Ander bikoteak tandemean Afrikan zehar egindako abenturaren berri emango dute.
Edonola, antolatzaileen esanetan, Ibiltari Astea ez da soilik bidaiaren esperientzien erakustaldi bat, bizimodu, aukera eta ikuspegiak partekatzeko gune bat ere bada.
Saio guztiak Intxaurrondo Kultur Etxean egingo dituzte, 19:00etan hasita. Sarrera librea da, edukiera bete arte.