Martutenen egingo dute aurtengo Janen ibilaldia

Urteroko legez, Janen ibilaldia antolatu dute maiatzeko lehenengo asteburuan Donostian, munduko hainbat hiritan egin ohi den moduan, Jane Jacobs (Scranton, Pensilvania, AEB, 1916—Toronto, Kanada, 2006) hirigile eta aktibistaren jaiotegunaren bueltan. Aurten, Martutene auzoa ezagutuko dute parte hartzaileek; maiatzaren 3an (larunbata) izango da, 10:00etan Renfeko geltokitik abiatuta.
Impact Hub taldeak antolatu ohi ditu Donostiako Janen ibilaldiak, 2012tik. Helburua da kaleetan barrena ibiltzea da eta kaleetan gertatzen dena zein gertatu dena kontatzea. Mugikortasuna, segurtasuna, zarata, etxebizitza motak, memoria kolektiboa, aldarrikapenak eta beste hainbat dira ibilaldietan ukitu ohi dituzten gaiak. Goiz osoa hartu ohi dute ibilaldiek, auzoan barrena ibili ohi baitira parte hartzaileak, tarteka geldialdiak egin eta gidarien azalpenak entzunez, auzoa ondo ezagutu eta ulertzeko. Martuteneko ibilaldia Impact Hubek, Altzako Historia Mintegiak, Ahiku elkarteak eta Nerea Lizarralde kazetariak antolatu dute elkarlanean.
Martutenekoaren aurretik, Egian, Parte Zaharrean, Loiolan, Amaran, Altzan, Grosen, Añorgan, Amara Berrin, Intxaurrondon, Bidebietan eta Ibaetan egin dituzte ibilaldiak. Pandemiaren eraginez, bi urtez ezin izan zuten ibilaldirik egin, baina 2021ean, Txomiñeneari buruzko dokumental bat egin zuten.