Ukrainako haurrentzako harrera familiak behar dituzte

Chernobil elkarteak jakinarazi duenez, udan haur ukrainarrak hartzeko familiak behar dituzte. Hori dela eta, harrera familia izateko izena ematera deitu dituzte herritarrak: hilaren 30era arte eman daiteke izena, elkartearen webgunearen bidez, 670-41 90 78 telefono zenbakira deituta edo chernobil@asociacionchernobil.info helbidera idatzita. Informazio gehiago behar izanez gero ere bide horietatik eskatu daiteke, eta, era berean, bilera informatiboak egingo dituzte hilaren 24an eta 28an, Intxaurrondoko Txara I zentroan, 18:30ean.
Izan ere, gogoratu dute Ukrainako “milaka haurrek gerran hazten” jarraitzen dutela, “beldurrez, hotzez eta erasoen artean”. “Uda honetan, zuk aldatu dezakezu euren bizitza. Segurtasuna, atsedena, jolasak eta ingurugiro osasungarria baino ez dute behar”, gaineratu dute.
Elkartea 1995ean hasi zen Txernobylgo zentral nuklearraren inguruan bizi diren haurrak udan Euskal Herrira ekartzen. Gerrarekin, ordea, are gehiago okertu da herrialde horretako herritarren egoera. Harrera familia gisa ekarpena egiteaz gain, diru ekarpenak ere egin daitezke Chernobil elkartearentzat, hemen.