Azoka eta jarduerak egingo dituzte Gipuzkoa plazan, Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira

Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaur eta, ohiko moduan, Donostia Kulturak eta Liburu denden elkarteak lankidetzan antolatutako azoka egongo da Gipuzkoa plazan. Hamabi salmenta postuen eskaintza kuxkuxeatu eta erosteko aukera izango dute 09:15etatik 20:00etara bitartean bertaratzen direnek. Liburuak %10eko beherapenarekin erosteko aukera izango dute, eta hala egiten dutenei txartelak banatuko dizkiete. Horiekin opari liburuak, %5eko deskontu txartelak edota doako pintxoak lor daitezke.
Horrez gain, egile batzuk postuetara joango dira beren lanak sinatzera. Horietako bat, noski, aurtengo gonbidatua izango da: Karmele Jaio.
Azokaz gain, haurrei eta helduei bideratutako zenbait jarduera ere aurrera eramango dituzte egunean zehar.
Helduentzako jarduerak
- 10:30tik 12:00etara, Donostia de novela ibilaldi literarioa Maider Perez Vilarrodonarekin.
- 12:00etan, Un libro, un pintxo. Instituto del Pintxo de Donostiak bere liburu katalogoa aurkeztu eta pintxo bat nola egin erakutsiko du.
- 16:30etik 17:15era, Flannery O’Connor idazlearen Ez da erraza gizon on bat aurkitzea liburuaren irakurraldia eta edukiari buruzko xehetasunak emango ditu Itziar Otegi itzultzaileak.
- 19:00etatik 19:40era, Xabier Mendigurenek Karmele Jaio elkarrizketatuko du.
Haurrentzako jarduerak
- 10:00etan, Barbantxo ipuinaren kontaketan, Donostia Kulturaren Youtube kanalean.
- 10:00etan Agur, putxika, agur! Liburu Baby Kluba, Donostia Kulturaren Youtube kanalean.
- 11:00etatik 11:45era, Pantzart taldearen Txan fantasma txotxongilo ikuskizuna.
- 17:30etik 18:00etara, Liburu bat mundu bat: Kieveko ilargia, Mestiza elkarteak 5-12 urte arteko haurrentzat ipuin kontaketa eta eskulanak egingo ditu.
- 18:00etatik 18:30era, Irakurle onenei sari banaketa, Gipu igelaren eskutik.