Elkartasuna adierazi diete Bartzelonako Bloc Llavorseko etxegabetzearen harira auzipetutakoei
21 pertsona daude auzipetuta, tartean donostiar bat, etxegabetzea gelditzen saiatzeagatik; maiatzaren 8tik ekainaren 3ra izango da epaiketa.

Donostiako hainbat eragile eta norbanakok bat egin dute, Bartzelonako Bloc Llavors eraikineko etxegabetzearen harira auzipetutako herritarrei elkartasuna adierazteko. Astearte arratsaldean Parte Zaharreko Trinitate plazan egindako agerraldian gogorarazi zutenez, 21 pertsona daude auzipetuta, tartean donostiar bat —gehienak Herrialde Katalanetakoak dira—, eta maiatzaren 8tik ekainaren 3ra izango da epaiketa.
Agerraldiaz gain, hainbat jarduera antolatu dituzte aste honetarako: ostegunean, hilak 24, Etxebizitza eskubidea eta errepresioa hitzaldia eta pintxo-pote girotua aurrera eramango dituzte Intxaurrondoko Letaman Gaztetxean, 17:00etan; eta, larunbatean, hilak 26, Elkartasun Jaialdia egingo dute Mogambo aretoan. Era berean, herritarrak auzipetuen aldeko dohaintzak egitera deitu dituzte; hemen egin daitezke ekarpenak.
2021eko maiatzetik dator auzia, Bloc Llavorseko hiru bizilagun etxegabetu zituztenetik: “Etxegabetzeak bost ordu baino gehiago iraun zuen, hamarnaka pertsonak egindako erresistentziari esker. Orain, ordea, elkartasun hori guztia kriminalizatu eta errepresio politikoaren bitartez zigortu nahi dute: hogei hilabeteko espetxe zigorra eskatzen diote auzipetu bakoitzari, guztira 35 urte, bai eta 200.000 euroko isun eta kalte ordainak ere”, azaldu zuten atzoko agerraldian.
Halaber, Desokupa enpresa ultraeskuindarrak etxegabetzean parte hartu zuela salatu zuten, baita mossoen “erakustaldi neurrigabea” salatu ere. Gogorarazi zutenez, Mossoen Indarkeriazko Estremismoak Ikertzeko Unitate Zentralak hartu zuen etxegabetzearen inguruko ikerketaren ardura, “talde terroristak ikertzeaz eta aurkitzeaz arduratzen den polizia taldeak”.
Etxebizitzaren aldeko mugimendua, indartuta
Etxegabetze hori eta auzipetuen egoera “etxebizitzak gizarte kapitalistan hartzen duen merkantzia izaeraren ondorio” dela salatu zuten eta ondorio horiek Donostian ere pairatzen direla. Hori dela eta, Euskal Herriko etxebizitzaren aldeko mugimendua “indartu” egin dela nabarmendu zuten: “Hainbat etxebizitza sindikatu sortu dira auzo eta herri hainbatetan; gatazkaren aurrean, autodefentsarako tresnak garatu ditugu, eta desjabetuok modu autonomoan antolatzen hasi gara, oinarrizko eskubide eta bizi baldintzen alde”.
“Etxebizitza eskubidea bermatzetik urrun, jabetza pribatua eta burgesiaren etekin ekonomikoak lehenesten dituen sistema baten mende bizi gara eta inolako gupidarik gabe baliatzen dituzte zigor eta errepresio mekanismoak langile klasearen interes eta eskubide kolektiboen defentsan antolatzen garen guztion aurka”, gaineratu zuten. Hala ere, “klase elkartasunez erantzuten” jarraituko dutela nabarmendu zuten.