Donostiako torturatuen artean karpetak banatzeko informazio gunea irekiko dute

Euskal Herriko Torturatuen Sareak informazio gune bat irekiko du Donostian, hiriko torturatuei “karpetak helarazteko, banatutako karpetak jasotzeko, zalantzak argitzeko eta beharrezko laguntza eskaintzeko”.
Izan ere, otsailaren 15ean Kursaalean egindako aurkezpenean azaldu zutenez, Euskal Herriko torturatuengana “iristeko tresna” bertan banatutako karpetak izango dira: “Nazio mailako sare hau ehuntzeko Euskal Herri mailako auzolan erraldoi bat egingo genuela adierazi genuen. Ahalik eta torturatu gehienen artean, ahalik eta modu zabalenean, Euskal Herrian torturatutako inor prozesu honetatik kanpo gera ez dadin”.
Horrela, Donostiako informazio gunea Amarako Kaxilda liburu dendan jarriko dute (Arroka kalea 2, behea), 11:00etatik 13:00etara, egun hauetan: maiatzak 3 eta 17, ekainak 7 eta 21 eta uztailak 5 eta 19. “Donostian tortura pairatu duen pertsona oro sare honen parte egin nahi dugu eta martxan jarri dugun gunetik pasatzera animatu nahi ditugu”, gaineratu dute sareko kideek. Euskal Memoria fundazioaren datuen arabera, 431 donostiarrek pairatu zituzten torturak 1960tik 2010era.