Lagunekin Kantari programa Esti Markezek inauguratuko du

Donostia Kulturak eta Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak (IZBE) elkarrekin antolatzen duten Lagunekin Kantari programak aurten ere emanaldiak antolatu dituzte maiatzean, Intxaurrondo eta Larrotxeneko kultur etxeetan. Esti Markez eta Patxi Saiz izango dira gonbidatu bereziak. Horiez gain, Etxekoekin Kantari eta Kantujira jarduerak ere egingo dira.
Egitasmo hau 2001ean sortutako Intxaurrondo Kantuz kantu ikastaroaren inguruan eraiki zen, eta urtebete geroago, 2002an, Lagunekin Kantari izeneko programa bihurtu zen, ikastaroaren osagarri eta amaiera modura. Euskal kanta herrikoiaren transmisioa, belaunaldi arteko topaketak eta komunitatearen indartzea dira jarduera honen oinarri nagusiak.
Egitaraua
- Maiatzaren 12an, Esti Markez izango da protagonista Intxaurrondo Kultur Etxean, arratsaldeko 19:30ean.
- Maiatzaren 19an, Patxi Saiz arituko da Larrotxene Kultur Etxean, 19:30ean.
- Maiatzaren 26an, Etxekoekin Kantari Intxaurrondo Kultur Etxean, 19:30ean.
- Maiatzaren 30ean, Kantujira Larrotxeneko plazan (auzoan zehar), 19:00etan.