Donostiako itzuliaren ibilaldi gidatua egingo du Club Vasco de Campingek igandean
Parte hartzera animatzen direnek Igeldo eta Añorga lotzen dituen zatia egingo dute, hiriko landa inguruan barrena.

Martxoa erdialdean aurkeztu zuen Club Vasco de Camping elkarteak Donostiako itzulia gida. Gidak 50 kilometroko ibilbide zirkularra proposatzen du hiriaren ingurune naturalean barrena, oinez edo mendiko bizikletaz egiteko aproposa. Liburua argitaratzearekin batera, txango programa berezi bat ere aurrera eramaten ari da ibilbidea modu gidatuan ezagutzeko. Hala, igandean, hilak 27, Igeldo eta Añorga arteko bigarren zatia egingo dute. Hiriko landa inguruan barrena, ondo gordetako baserri eta basoz jositako paisaian barrena joango dira, eskualdeko kostaldeko eta inguruko mendien ikuspegi bikainekin gozatuz.
Doako jarduera da eta ez da aurrez izena eman behar. Parte hartu nahi dutenentzako topalekua Bulebarreko 16 linearen autobus geltokia da, 8:35ean. Jose Mari Alquezar eta Antxon San Jose izango dira 9 kilometroko ibilaldia gidatuko dutenak. Ibilbideak 80 metroko desnibela du eta Igeldotik abiatuta, Bordako tontorra aldapa, Aritzeta, Irumugarrieta dorrea eta Añorga lotuko dituzte.
Partaideek mendiko botak, goretex edo txubaskeroa, txanoa eta eskularruak eramatea gomendatu dute antolatzaileek, baita hamaiketakoa eta ura ere.