Elkar maitatu ala hil

8
Zuzendaria: Julio Medem · Urtea: 2025 · Herrialdea: Espainia
Muturrera eramandako bi sistema politiko, bi bando definitu, erretratatu ditu Julio Medemek 2025eko Malagako Zinema Jaialdian ikus-entzuleek goratu duten 8 filmean. Espainiako historiako azken 90 urte odoltsuenen kronika pertsonala diseinatu du zortzi ataletan, eta bakoitzak gertakari garrantzitsu bat izango du oinarrian —ez al zuen antzera egin Josu Martinezek, euskara ardatz hartuz, Bizkarsoro-n (2023)?—. Istorioak, baina, zoriak baldintzatutako norabide konplizea izango du, bai pertsonaien bizipenei baita kontaketari berari dagokionez ere.
Nolabait, Novecento (1976) handinahia gogoan —1901ean hasiko da Bernardo Bertolucciren kontakizuna, Giuseppe Verdi konpositorearen heriotza egunean, eta faxismoaren agerpena, goraldia eta gainbehera kontatuko dizkigu—, egun seinalatuan ekingo dio Medemen filmak, 1931ko apirilaren 14an, Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zen gauean. Minutu gutxiren bueltan Adela (Ana Rujas) eta Octavio (Javier Rey) jaioko dira, eta hamarkadaz hamarkada gurutzatu egingo da horien patua, Francoren altxamendu militarrak kondenatutako bizikidetzaren baitan.
Bi protagonisten maitasun istorio shakespearianoaz harago, Kain eta Abelen pasarte biblikoaren trauma espainiarra kontatuko digu zinemagile donostiarrak, Antonio Machadoren Españolito que vienes al mundo poemak filmaren hasieran iragarritakoa. Pantailan seinalatuko dituen bertsoek, ondoren ikusiko dugunaren tonua ezartzeko balio diote Medemi: errepresioa, askatasun nahia, nazionalismoa (eta gorrotoa), hezkuntzaren garrantzia eta barkamen beharra.
Zalantzati utz gaitzake pelikularen tesi politikoak. Tramari soilik so egingo bagenio, bi ideologien arketipoak sinpleegiak direla sinistera ere irits gintezke. Baina ezin ahaztu dezakegu zinemari bere esentzia, arte izaeraren bermea, formak ematen diola. Eta donostiarrak asko daki kontuaz, nahiz eta bere ausardia estetikoa eta darabilen zinema hizkuntza poetiko eta askea ez den denen gustuko. Harengandik espero denaren eta aurreiritzien hausturaren arteko konflikto betean bizi da.
Gustatu ala ez, azalekoa eta erredukzionista iruditu ala ez, Medemen lan berrienak badu gugan eragiteko gaitasuna, eta pelikularen maila figuratiboari zor diogu hori. Zortzi atal, zortzi (ustezko) plano sekuentzia, garai bakoitzeko bat; baina estetika bisualari erreparatuta, zortzi trataera ezberdin. Hala, zinemari egindako omenaldia ere bada 8. Film mutuen zuri-beltzezko koadro akademikoarekin errodatu ditu gerra garaiko pasarteak. Kolorea agertuko da gero, eta planoa zapaldu egingo da 60ko hamarkadan. Garaiko filmaketa molde eta modei keinu egin die hurrengo urteetako kapituluetan ere.
Bada, narratiba zatikatuari osotasuna emateko betekizuna Medemen begiradak izango du. Bi familiak (errepublikanoa eta frankista) lotuko ditu kamerak, eta zurira egindako iraungipenek soilik hautsiko dituzte sekuentzia bakoitzeko aktoreen koreografia neurtuak. Elipsiak, hamarkadetako saltoak eta ikuspuntu aldaketak egiteko baliatu du zinemagileak, betiere, Historia jarraikorra dela gogoraraziz, eta zauriak, guztiz sendatu ezean, ireki eta odol-isurietan blaitu daitezkeela ohartaraziz.
Formari berebiziko atentzioa eskainiz, irudiaren barnea ere muntaketa-asmo bitxi bat antzemango diogu filmari, Alfred Hitchockek Rope (1948) klasikoan planoak halabeharrez faltsutzeko ebatzitako teknika bera erabiliko baitu Medemek, kasu honetan, kontaketari dinamismoa eta bizkortasuna gehitzeko: kamera protagonisten sorbaldetara, paretetara, espazio huts eta neutroetara hurbilduko du bat-bateko aldaketa iradokitzeko, pertsonaien narratiba pertsonalarekin bat datorren murgiltze-esperientzia eskaintzeko.
2021era arteko (COVID garaira arteko) bizipenak ezagutuko dizkiegu Adela eta Octaviori, beraien enkontru eta desenkontruak eternal bilakatu arte. Utziko duten Espainian, ordea, badirudi iraganeko mamuak berpizten ari direla. Ez al da zinema momentuko gizartearen ispilu? Produkzio oro aztertzeko funtsezko hari-muturra da beronen sortze-testuinguru soziopolitiko eta kulturala, eta 8-ri askotarikoak lepora badizkiokegu ere, egun modu beldurgarrian polarizatzen dabilen herrialdeari zuhurtziaz heldu diola aitortu behar diogu Medemi, gaiztotzen ari baitzaigu giroa berriz ere.