«Glutenik gabeko gozotegi bat zabaltzeko beharra zegoen Donostian»
Glutenik eta azukrerik gabeko gozoak saltzen dituzte Groseko Claudio Delgado doktorea kaleko Dulces Free gozotegian. Salgai dituzten jaki guztiak bertan egiten dituzte, eta Marisel Orozco (Habana, Kuba, 1991) da negozioaren jabea.

Nola sortu zitzaizun Dulces Free gozotegia zabaltzeko ideia?
Duela zortzi urte iritsi nintzen Kubatik, eta nire herrialdean existitzen ez ziren gozoak eta opilak dastatu ostean, ikaragarri gustatu zitzaizkidan. Horrela, mutur batetik bestera igaro nintzen; hau da, gozorik ez kontsumitzetik, egunero lau donut jarraian jatera. Hori dela eta, gaixotu egin nintzen, grano asko ateratzen hasi zitzaizkidan, eta gizentzen ere hasi nintzen. Medikuak anemia diagnostikatu zidan, beste elikagai batzuk kontsumitzeari utzi niolako, eta diabetes moduko bat ere izan nuen. Beraz, gelditu egin behar izan nuen, 24 urterekin ez nengoelako oso osasuntsu. Hala ere, erabaki nuen gozoa jateari ez uztea, baina azukrea edo irin findua erabili beharrean, horiek ordezkatzeko ikertzen hastea. Nire etxean hasi nintzen probak egiten, jendeari gustatu egin zitzaion, eta animatu egin ninduen gozogintzan lan egitera.
Lezon hasi zinen Dulces Freerekin, zure etxean. Nola zabaltzen zenuen zuk egindako lana jendartean?
Sare sozialen eta ahoz ahoko komunikazioaren bidez. Guraso askok, adibidez, beraien seme-alabek azukrerik ez kontsumitzea nahi izaten dute, eta urtebetetze festetarako azukrerik gabeko tartak nahi izaten dituzte. Nire lana ezagutzen zutenek beraien ingurukoei kontatu zieten nik egiten nituela halakoak, eta horrela, negozioa zabaltzen joan nintzen, pixkanaka. Horrez gain, diabetesa edo jateko muga batzuk dituzten pertsonak ere hasi ziren nik egindako gozoak kontsumitzen.
Noiztik daukazu Grosen Dulces Free gozotegia?
Urtebete eta lau hilabete daramatzagu hemen lanean. Egia esan, zeliakoen partetik oso erantzun ona jaso genuen hasieratik, baina komentario txarrak ere entzun behar izan ditugu, jendeak ez zuelako ulertzen glutenik eta azukrerik gabeko jakiak saltzen dituen gozotegi bat egotea. Ohiko gozotegietako gauzak ere jartzeko eskatu izan didate, baina nik argi izan dut beti: Donostian behar zen leku bat pastelgintza freskoa izango zuena, lantegi propioan egina, %100 glutenik gabea, eta zergatik ez, azukrerik gabea.
Zein produktu erabiltzen dituzue jakiei gozo ukitua emateko?
Batez ere, datilak erabiltzen ditugu gozatzeko. Horrez gain, frutak, kalabazak eta ohikoak ez diren osagaiak erabiltzen ditugu, baina epe luzera, gure produktuetan nabaritu ere ez dira egiten. Zeliakoak edo diabetikoak ez diren kontsumitzaileak ere baditugu, beraz, edozeinek kontsumitu ditzakeen produktuak egiten ditugu. Edonork jan ditzake hemen egiten ditugun jakiak, eta uste dut hori ere izan dela arrakastaren arrazoia.
Hemen bertan duzuen lantegian egiten duzue guztia, ezta?
Bai, dena egiten dugu hemen. Egiten ez dugun gauza bakarra txokolatea da, ez garelako horretan adituak. Orain, glutenik gabeko moldeko ogia egiten ere hasi gara, aspalditik eskatzen ari baitziren bezeroak, eta momentuz, gogoko du jendeak.
Nolakoa da zuen egunerokoa hemen?
Nahiko lanpetuta ibiltzen gara, eta soilik jendeari arreta emateko edo telefonoa hartzeko gelditzen gara. Ni 07:00etan sartzen naiz, eta 20:30ak aldera arte ez naiz etxera itzultzen, astelehenetik ostiralera. Larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara egiten dugu lan.
«Jende askok ezin du glutenik kontsumitu, eta neurri batean abandonatuta zegoen jende horrengan jarri nahi nuen arreta»
Zein onura ditu glutenik gabeko janariak?
Ni ez naiz zeliakoa, ezta diabetikoa ere. Hori da atentzio gehien ematen duen gauzetariko bat, izan ere, horrelako negozio bat zabaltzen duten gehienek glutenik ez jateko behar batetik egiten dute. Hala ere, gozogintzan hasi nintzenean, merkatuaren ikerketa bat egin nuen, eta jabetu nintzen sekulako beharra zegoela Donostian glutenik gabeko negozio bat zabaltzeko. Jende askok ezin du glutenik kontsumitu, eta neurri batean abandonatuta zegoen jende horrengan jarri nahi nuen arreta, askok Madrilera edo Bartzelonara jo behar izaten baitzuten glutenik gabeko produktuen bila. Guretzat, onurarik handiena egunero jasotzen dugun jendearen esker ona da.
Zein motatako jakiak egiten dituzue?
Produktu izarra bizkotxo txiki batzuk dira, donuten moldeetan eginikoak. Horri esker hasi nintzen Dulces Free idealizatzen. Horrez gain, cookie edo gaileta amerikarrak ere egiten ditugu, euskal pastelak ere bai, eta brownieak, tartak, ogia… Hostorea izan ezik —azukrerik gabe zaila delako—, denetarik egiten dugu hemen.
Nolakoa da Grosen horrelako negozio bat izatea?
Asko gustatzen zait. Lokala bilatzen egon nintzenean, beste leku batzuetan prezioak oso garestiak ziren, baina gero pentsatu nuen Grosen geratuko nintzatekeela ordaindu beharreko prezioa edozein izanik ere. Auzo izaera duen lekua da, eta zure lana ondo egitea eta Grosen zure tartetxoa egitea lortzen baduzu, bidea betirako egina duzula esango nuke.
Nola nahiko zenuke eboluzionatzea zure negozioak?
Urtarrilean, bidalketak egiten hasi ginen, eta eboluzioa bide horretan doa. Pixkanaka, modu organikoan eta kalitaterik galdu gabe, beste hiri batzuetan ere dendak zabaltzea gustatuko litzaidake. Ipar Euskal Herritik ere bezero asko etortzen zaizkigu, eta bertan bigarren denda bat zabaldu nahi nuke.