Realak badu entrenatzailea: Sergio Francisco

Imanol Alguacilek Realeko gizonezkoen lehenengo taldea entrenatzen jarraituko ez duela jakinarazi zuenetik, asko izan dira sareetan, kalean, hedabideetan eta realzaleen artean atera diren izenak, baina Realak argitu du dagoeneko nor izango den entrenatzailea hurrengo denboralditik aurrera: Sergio Francisco.
Reala B-ren entrenatzailea da egun irundarra, eta 2026-2027ko denboraldiaren amaierara arte sinatu du kontratua lehen taldearekin. Hain zuzen ere, klubak azaldu duenez, Franciscok larunbatean zuzenduko du azken aldiz harrobiko taldea Salamancako Unionistasen aurkako partidan: “Astelehenetik aurrera, lehen taldearen hurrengo denboraldia planifikatzen arituko da futbol zuzendaritzarekin batera. Iosu Rivasek, orain arte gure filialeko bigarren entrenatzaileak, Reala B-ren ardura hartuko du denboraldi amaiera arte”.
Antzekotasunak daude Franciscoren eta Alguacilen artean. Izan ere, Franciscori gertatzen zaion moduan, Alguacilek elite mailako futbolean entrenatzaile gisa eskarmenturik izan gabe eman zuen saltoa lehen taldera, baina klub txuri-urdinean eskarmentu handia izanda. Hori bera gertatzen zaio irundarrari: futbolari gisa lehen taldean debutatu zuen 2000. urtean, aurretik klubeko harrobiko kategorietan jokatuta; bost neurketa jokatu zituen lehen taldearekin.
Bere entrenatzaile etapa Eason hasi zuen 2014an. Berio FT taldera pasatu zen bigarren entrenatzaile gisa eta gure hirugarren taldearen ardura hartu zuen 2017-2018ko denboraldian. Bost denboraldiz talde hori zuzentzen aritu ondoren eta Bigarren RFEF mailara igoera lortuta, bigarren taldeko teknikari izatera pasatu zen, eta bertan egin ditu azken hiru denboraldiak.