San Sebastian Moda Festival jaialdia, maiatzaren 5etik 10era

San Sebastian Moda Festival moda jaialdia antolatu dute aurten ere Donostian, maiatzaren 5etik 10era. Ostegunean aurkeztu zuten egitasmoa Maria Cristina hotelean, Laura Chamorro
jaialdiko zuzendariaren, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko foru diputatuaren, Goizane Alvarez Kulturako foru diputatuaren, Izaskun Gomez Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendariaren eta Iñigo Garcia Donostiako Udaleko Inklusio, Aniztasun eta Ingurumeneko zinegotziaren parte hartzearekin.
Azaldu zutenez, Euskal Herriko 50 bat moda enpresak, nazioarteko hamabik eta dozena bat hizlarik hartuko dute parte jaialdian, eta hiriko eta Gipuzkoako sei tokitan egingo dituzte jarduerak. Besteak beste, Ze Garcia, Loreak Mendian, SKFK, Lily & You, Kupale, SKFK, Barbour, Devota & Lomba, Aldabaldetreku eta Noventa Grados enpresek hartuko dute parte jaialdian.
Aurkezpenean nabarmendu zutenez, hitzordu handia maiatzaren 8an izango da, Cristobal Balenciaga Museoan, Ze Garciaren desfilearekin —jaialdirako bereziki diseinatutako goi mailako joskintzako 42 pieza aurkeztuko ditu— eta Loreak Mendian enpresaren 30. urteurren harira egingo duten omenaldiarekin. “Moda, arte eta euskal sustraien gaua izango da”, nabarmendu zuen Chamorrok. Horrez gain, askotariko jarduerez disfrutatu ahalko dute moda zaleek bost egunez, eta egitarau osoa hemen daukazue kontsultagarri.