Txomin Letamendiren auzia itxi du Donostiako epaitegi batek, baina «aurrekari garrantzitsutzat» jo du Behatokiak
Txomin Letamendi jeltzalea Polizia frankistak egindako torturen eraginez hil zen, 1950ean.
Txomin Letamendi Murua EAJko militantearen (Bilbo, 1901 – Madril, 1950) erailketa frankistaren inguruko auzia itxi eta gertakariak artxibatu ditu Donostiako epaitegi batek, heriotzaren arduradun gisa akusatuak ziren bi poliziak hilda daudela egiaztatu ostean. Zehazki, Fernando Escudero Arcocha agentea 2013an zendu zela egiaztatu du epaileak eta Jose Nogues Recoo inspektorea ere hilda dagoela ondorioztatu du, ez dagoelako haren inguruko daturik ez filiaziorik.
Auzia itxita ere, Giza Eskubideen Behatokiak “aurrekari garrantzitsutzat” eta “mugarritzat” jo du kasua, 1977ko Amnistia Legean oinarritutako “epaitegien bunker negazionista” hautsi duelako behintzat. Izan ere, sistematikoki, halako kereilak baztertu egin dituzte epaitegiek, lege horretan oinarrituta; oraingoan, aldiz, tramitera onartu eta ikerketa diligentzia batzuk egin behar izan ditu epaileak, gutxienez, polizia frankista horien heriotza egiaztatzeko.
Gogoratu behar da Letamendiren sendiak, Behatokiaren babesarekin, kereila bat aurkeztu zuela Donostiako epaitegietan 2024ko abenduaren 20an, jeltzalearen heriotzaren 74. urteurrenean, 1950ean jasan zituen torturak salatuz, torturatzaileak identifikatzeko eta zigortzeko helburuarekin.
Auzibidea amaituta, urrats gehiago eskatu ditu Behatokiak: “Biktimekiko dugun konpromisoa da haiek egia, justizia eta ordaina izan dezaten lortzea, eta horretarako dauden bide guztiak zeharkatu eta agortzea. Horregatik, Letamendi biktima gisa aitortzeko lanean jarraituko dugu”. Hain zuzen ere, apirilaren 7an, Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Jose sailburuari eskatu zioten Letamendi ofizialki frankismoko biktima aitortzeko prozedura abia zezala.
Tronpetista, gudaria eta espioia
1920ko hamarkadan, jazz tronpetista gisa aritu zen Letamendi, besteak beste, Elola Band taldearekin. Musikaria ez ezik, ordea, abertzalea zen, eta EAJren Ariztimuño batailoian sartu zen jeltzaleek 36ko gerran frankisten aurka borrokatzea erabaki zutenean. Hainbat frontetan borrokatu zen, eta batailoi horretako komandante izatera ere heldu zen.
1937an Bilbo frankisten mende erori zenean, Parisera erbesteratu zen jeltzalea. Bertan, euskal erbestearekin harremana mantendu zuen, eta erbesteko Eusko Jaurlaritzarekin lotura zuen Eresoinka taldean jarraitu zuen bere musika ibilbidea. Paris nazien esku erortzear zenean (1940), aldiz, Venezuelara erbesteratu zen. Han hasi zen Eusko Jaurlaritzaren informazio zerbitzuentzat lan egiten, eta bide hori bera jarraitu zuen 1943an Bartzelonara joan zenean. Handik denboraldi batera, Euskal Herrira itzuli zen, Bilbora, eta espioitza lanak egiten jarraitu zuen.
1946an, Donostiara etorri zen bizitzera, eta Joseba Elosegirekin batera, Frantziako Estatutik informazioa eta errefuxiatuak pasatzen zituzten mugalariekin aritu zen. Urte horretan harrapatu zuten frankistek, ordea, Donostiako tren geltokian Madrildik bidalitako pakete bat jasotzera joan zenean. Torturatu eta gero, bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten eta Carabanchelgo espetxean sartu zuten. 1947ko maiatzean askatu zuten, baina beste espioitza misio baten ardura hartu zuen eta berriz atxilotu zuten; Bartzelonako Modelo espetxean sartu zuten eta bortizki torturatu zuten. Hainbat espetxetatik pasatu zen ondoren.
Horren guztiaren ondorioz, hurrengo urteetan, bere osasun egoera nabarmen okertzen joan zen. Hori dela eta, 1950eko urrian aske utzi zuten eta, gose greba bat tartean, abenduan hil zen, bere senideen etxean.