Mikel Gardoki omendu dute, haren erailketaren 50. urteurrenean: «Egia jakiteko garaia da»
50 urte bete dira Polizia frankistak Mikel Gardoki Azpiroz ETApm-ko kidea tirokatuta hil zuenetik. Egiari Zor fundazioko kideek eta Gardokiren kide Juan Miguel Goiburu Mendizabal 'Goiherri'-k hartu dute parte ekitaldian.

Ostegunean (hilak 24), 50 urte bete ziren 1975ean Polizia frankistak Mikel Gardoki Azpiroz ETApm erakundeko kidea Astigarragako Ergobia auzoan tirokatuta hil zuenetik. Urteurrenaren bueltan, Egiari Zor fundazioak antolatuta, omenaldia egin diote Ategorrietako frontoian, bere auzoan. Erailketatik mende laurdena pasatu den honetan, gertatutakoren inguruko bertsio frankistak jarraitzen du izaten bertsio ofiziala, eta, hori dela eta, bizikidetzaren aldeko pausoak ematen jarraitzera deitu dituzte erakunde publikoak: “Egia jakiteko garaia da”.
Andoaindarra jaiotzez, oso gazte etorri zen Gardoki Donostiara, gurasoekin eta arrebarekin, Ategorrietan bizitzera. 25 urte zituen hil zutenean, eta, 1979an, bere izena jarri zioten Ategorrietako frontoiaren ondoko Uliako pasealekuari; egungo Bordatxipi pasealekuari, hain justu. Ordea, 2011n, epai batek kalearen izena aldatzera behartu zuen Donostiako Udala, garaiko udalbatzaren gehiengoaren iritziaren aurka. Hala ere, gaurko ekitaldian egiaztatu ahal izan den moduan, ez dute lortu Gardokiren memoria ezabatzea.
Ergobiako taberna batean kafe bat hartzera joan ziren. Ateratzean, ordea, “20tik gora polizia” zituzten zain; militanteak korrika hasi ziren, frankistek tiro egin zieten eta Gardoki bertan hil zuten
Tiroketaren unean Gardokirekin zegoen Juan Miguel Goiburu Mendizabal Goiherri-k hartu du hitza lehenik, eta xehetasun handiekin kontatu du gertatutakoa. Azaldu duenez, Gardokik eta berak ETApm-ren Maiatzaren Lehenaren inguruko propaganda politikoa ekarri zuten 1975eko apirilaren 24ean Ipar Euskal Herritik eta propaganda Hernanin utzi ostean, Ergobiako taberna batean kafe bat hartzera joan ziren. Ateratzean, ordea, “20tik gora polizia” zituzten zain; militanteak korrika hasi ziren, frankistek tiro egin zieten eta Gardoki bertan hil zuten. Goiherri bizirik atera zen, baina atxilotu, torturatu eta espetxeratu egin zuten, atxiloketaren harira Gipuzkoan eta Bizkaian ezarri zuten salbuespen egoeraren testuinguruan. Goiherriren kontakizunaren xehetasun guztiak hemen aurkituko dituzue.
Goiherriren hitzartzearen ostean, Gardokiren semeari aurreskua eskaini diote bi dantzarik, baita lore sorta bat eman ere; aterkipean ekitaldian zeuden guztientzat une hunkigarria izan da.
“Ilunkeriaren atzean gordetzen da egia”
Egiari Zor fundazioko Ane Muguruzak estatuaren indarkeriaren biktimek aitortza eskuratzeko oraindik ere egin behar duten bide luze eta malkartsua salatu du: “Estatuaren agindupeko talde eta indar armatuek eragindako hildako gehiegi ezagutu ditugu, baita hilketa horiek justifikatzeko eraikitako bertsio ofizialak ere. Urteak daramatzagu bertsio ofizialen kutxa iluna irekitzeko beharra aldarrikatzen”.
Ildo horretatik, egiaren aldeko borrokak urteotan fruituak eman dituela nabarmendu du: “Dagoeneko 66 heriotza kasutan ofizialki frogatu den moduan, bertsio ofizialak benetako krimenak ezkutatzeko eraiki ziren. Laster, Hego Euskal Herrian Espainiako Poliziak, Ertzaintzak, Guardia Zibilak, eskuin muturrak, Triple A-k edo Batallon Vasco Españolek eragindako giza eskubideen urraketak jasan dituzten emakume eta gizonen 500 aitortza ofizialen zifra gaindituko dugu. Izan ere, dagoeneko, 487 pertsona izan dira ofizialki aitortuak eta prozesuak aurrera darrai”.
Horregatik, Gardokiren heriotzaren inguruko egia aldarrikatu du Muguruzak: “Jakin badakigu, tiroketa Poliziak eragin zuela. Badakigu, zehazki, poliziak bakarrik egin zuela tiro. Eta ezagutzen ditugu zelata hura antolatu eta burutu zuten hainbat poliziaren izen-abizenak. Mikel Gardoki nahita hiltzeko metrailatu zuten, gainean zituzten armak erabiltzeko asmorik eta aukerarik izan gabe. Orduz geroztik eta gaur arte, ezkutatuta egon dira gertakari haien ondorioz egindako polizia txostena eta eginbide judizialak. Gezurrak oinarri, sekretu ofizialen eta epaitegien ilunkeriaren atzean gordetzen da egia”.
«Orduz geroztik eta gaur arte, ezkutatuta egon dira gertakari haien ondorioz egindako polizia txostena eta eginbide judizialak. Gezurrak oinarri, sekretu ofizialen eta epaitegien ilunkeriaren atzean gordetzen da egia»
Ane Muguruza, Egiari Zor fundazioko kidea
Era berean, erakunde publikoek oraindik ere bertsio ofizial frankistak aintzat hartzea kritikatu du fundazioko kideak: “Zeintzuk dira bertsio ofiziala sostengatzen duten elementuak? Bat ere ez dago. Heriotza eragin zioten horien kontakizuna nahikoa izan da 50 urtetan zehar Memoria Demokratikoaren Legeak ilegala deklaratzen duen erregimen militarraren bertsioa ofizial bilakatzeko”. “Gezur hura mila aldiz errepikatuta eraiki da egun gure ikastoletan kontatu nahi duten kontakizuna”, gaineratu du.
Amaitzeko, Euskal Herriko gizartea “askotarikoa eta anitza” dela nabarmendu du Muguruzak, baita azken urteotan “giza eskubideen defentsari eta errespetuari dagokionez bilakaera positiboa” izan duela ere. Hala ere, bide horretan lan handia egiteke dagoela gogorarazi du, eta, horretarako, indarkeria politikoaren biktima guztiak berdin tratatu behar direla, “bizikidetza modu demokratikoan eraikitzeko” eta “horrelako gertaerak errepikatuko ez direla bermatzeko”. “Horretarako, kudeatzaile berriek prepolitikoak diren konpromisoei heldu beharko liekete: estatuaren bortxaren biktimak erasotzeari eta umiliatzeari uztea, aitortza ofizialik gabeko milaka herritarrei horretarako bidea ahalbidetzea eta memoria publikoaren politiketan jasaten dugun bazterketa eta diskriminazioa gehiago ez sustatzea”.







