«Mikel Gardokik bizitza salbatu zidan»
Mikel Gardoki omendu dute, Polizia frankistak hil eta 50 urtera. Haren kide Juan Miguel Goiburu Mendizabal 'Goiherri'-k gertatutakoa xehetasun handiz kontatu du.

50 urte bete berri dira (hilaren 24an), 1975ean Polizia frankistak Mikel Gardoki Azpiroz ETApm erakundeko kidea Astigarragako Ergobia auzoan tirokatuta hil zuenetik, segada batean. Urteurrenaren bueltan, Egiari Zor fundazioak antolatuta, omenaldia egin diote Ategorrietako frontoian, bere auzoan. Bertan, besteak beste, tiroketaren unean Gardokirekin zegoen Juan Miguel Goiburu Mendizabal Goiherri-k hartu du hitza, eta xehe-xehe kontatu du gertatutakoa.
Lehenik eta behin, 1975eko apirileko —Francisco Franco diktadorea urte hartako azaroan hil zen— testuingurua gogorarazi du: “Hiruzpalau hilabete lehenago izan zen ETApm-ren eta ETA militarraren arteko zatiketa, eta, beraz, ordurako, talde bakoitzak ere bere ekintzak antolatzen zituen”.
Gardoki eta Goiherri ETApm-koak ziren, eta Maiatzaren Lehena gertu zegoenez, propaganda politikoa banatzeko asmoa zuen erakunde horrek: “Ipar Euskal Herrian inprimatu genuen propaganda, eta hona ekartzeko muga pasabide bat antolatu genuen; lehenengo aldiz, kontrabandisten bidez ekarriko genuen propaganda. Baina kontrabandista talde hartako bat izan zen Poliziari saldu gintuena; beraz, Poliziak hasieratik zuen gure operazioaren berri”, azaldu du Goiburuk.
«Kontrabandista talde hartako bat izan zen Poliziari saldu gintuena; beraz, Poliziak hasieratik zuen gure operazioaren berri»
Xehetasun gehiago ere eman ditu: “Sei propaganda kaxa ziren, eta kontrabandistek, muga pasatu ondoren, guri emango zizkiguten, Hernaniko garaje batera eramateko. Horretarako, guk ere muga pasatu behar genuen, eta Mikel Gardokik eta nik Andorratik pasatzea erabaki genuen. Hala ere, Mikel Gardokiren muga pasatu aurretik, beste saiakera bat egin nuen beste kide batekin, baina istripu bat izan genuen eta Donibanera itzuli behar izan genuen. Hori dela eta, Andorratik pasatzea pentsatu genuen eta, horretarako, Mikel Gardokiri eskatu nion laguntza, nik ez nituelako hango pasabideak ezagutzen”.
Muga pasatu eta egin beharrekoak egin ostean, Donostiarantz trenez abiatu ziren, hurrengo egunean Iparraldetik ekarriko zizkieten propaganda kaxak jasotzeko. Aldiz, trenean izan zuten lehenengo ezustekoa: “Kilometro batzuk egin ostean, trena gelditu egin zen, bat-batean. Geldialdiak susmo txarra eman zigun, trena soilik geltoki nagusietan gelditu ohi zelako. Geldialdi hartan, konturatu ginen treneko bi pertsona guri tinko begira ari zirela eta susmoa are txarragoa izan zen orduan, pentsatu genuelako poliziak izan zitezkeela. Hori dela eta, trenetik jaistea erabaki genuen: salto egin eta mendira abiatu ginen. Bide bati jarraiki, Ataunerantz abiatu ginen eta txabola batean gaua pasatu ostean, gure erakundeko militante baten familiaren baserri baten ondoan esnatu ginen. Hori izugarrizko poza izan zen guretzat”.
Hernanira
Baserri hartako familiak beste militante batekin harremanetan jarri zituen Gardoki eta Goiherri, eta Tolosara autoz eraman zituzten; han, bakoitza etxe batera joan zen. Hurrengo egunean, apirilaren 24an, okertu ziren gauzak, ordea: “Propaganda kaxak jaso eta Hernaniko garajera eraman genituen; Hernaniko militante talde batek egingo zuten banaketa. Lana bukatuta, Donostiarako bidean polizia auto bat ikusi genuen eta barre egin genuen, gure kontrako noranzkoan baitzihoan. Ordurako, nekatuta eta lana bukatzeagatiko lasaitasunarekin geunden eta ez genion susmo txarrik hartu auto horri, ziur geunden dagoeneko ez gintuztela kontrolatzen. Horregatik, Ergobiako taberna batean kafe bat hartzeko geldialdia egin genuen, lasaitzeko”.
Kafea hartu eta taberna hartatik ateratzean, aldiz, Polizia zain zuten: “Tabernatik atera eta, bat-batean, ‘Alto a la Policia!‘. Korrika hasi ginen, eta han zeuden hogeitik gora poliziak gure aurka tiro egiten hasi ziren. Mikel Gardokik bala pila jaso zituen eta han bertan hil zen. Nik, ordea, zortea izan nuen eta tiro bakarra jaso nuen, besoan. Tiroa jasotzean, lurrera erori nintzen eta atxilotu egin ninduten”.
«Tabernatik atera eta, bat-batean, ‘Alto a la Policia!’. Korrika hasi ginen, eta han zeuden hogeitik gora poliziak gure aurka tiro egiten hasi ziren. Mikel Gardokik bala pila jaso zituen eta han bertan hil zen»
Atxiloketaren biharamunean, salbuespen egoera ezarri zuen erregimenak: “Ondorioz, torturapean eduki ninduten hiruzpalau astez, espetxera eraman aurretik. Horrelakoak ziren garai hartako gure bizipenak”, nabarmendu du Goiherrik.
Handik bizpahiru urtera, gertatutakoari buruzko informazio gehiago eskuratu zuen militanteak, atxiloketan parte hartu zuen agente baten ahotik: “Kontatu zidan berak nire atxiloketan parte hartu zuela eta Gardokik bizitza salbatu zidala. Izan ere, esan zidan agente guztiek niri egin zidatela tiro, ni nintzelako ezagutzen zuten militantea; ordea, Gardoki topatu zuten erdian tiro guztiek”.