Turismoaren monolaborantzaren aurka mobilizatuko dira Donostian, Europako beste hiri batzuekin batera
SET sareak modu koordinatuan antolatu ditu manifestazioak ekainaren 15erako, Europako hegoaldeko hiri ugaritan.

Turistifikazioaren aurkako Europako hegoaldeko sareak (SET) topaketa batzuk antolatu ditu asteburu honetarako Bartzelonan, eta hamabost bat lurraldetako turistifikazioaren aurkako eragileak ari dira parte hartzen, Bartzelonako nahiz Kataluniako pertsona eta gizarte mugimenduekin batera. Parte hartzaileen artean, desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataforma donostiarra dago.
Prentsa ohar baten bidez jakinarazi dutenez, herrialde eta hiri turistifikatuetako eredu sozioekonomikoaren aldaketa bultzatzea dute helburu, eta, horregatik, Europako hegoaldeko hainbat hiritan turismoaren monolaborantzaren aurkako manifestazioak antolatu dituzte, modu koordinatuan, ekainaren 15erako, baita Donostian ere. Bilboko, Kanaria uharteetako, Kantabriako, Donostiako, Eivissako, Iruñeko, Genovako, Lisboako, Mallorcako, Milango, Napoliko, Palermoko, Pirinioetako, Valentziako, Veneziako eta Bartzelonako eragileak ari dira topaketetan parte hartzen.

Turistifikazioaren aurkako Europako hegoaldeko sarea (SET) topaketak antolatu ditu Bartzelonan; Donostiako Bizilagunekin plataforma da parte hartzaileetako bat.Bizilagunekin
“Europa hegoaldeak turistifikazioaren aurka duen ahotsa kontinente osoan eta haratago entzungo da, planeta suntsitzen duen su turistikoarekin amaitzeko, eta ustiatzen dituen lurraldeen ezinbesteko eraldaketa sozioekonomikoa behingoz hasteko”, nabarmendu dute. Izan ere, gaineratu dutenez, “lurraldeek, bertan bizi direnek eta planeta osoak behar dituzten aldaketak eta politikak bultzatu behar dira: turismo ustiapenari mugak jarri behar zaizkio, ekoizpen ereduak eraldatu behar dira, bizitza eta ekosistemak erdigunean jarriz. Amaitu behar da espazioen, baliabideen eta biztanleriaren kontsumo itsu eta mugagabearen turismo ereduarekin”.
Iazko manifestazioak mugarri
SET sareak nabarmendu duenez, joan den urteko udan Espainiako Estatuko hiri ugaritan turistifikazioaren aurka egindako manifestazio jendetsuak “jauzi garrantzitsua” izan ziren: “Udaberrian, Afrika ipar-mendebaldeko ‘Kanaria uharte’ ultraperiferikoak kalera atera ziren, Kanariak agortzen ari da! eta Kanariek muga bat dute esateko. Mobilizazio hauek parte hartze masiboa eta denetarikoa izan zuten, aurretik inoiz ikusi gabekoa. Txinparta laster zabaldu zen Mallorca, Bartzelona, Kantabria, Donostia, Alacant, Menorca, Cadiz, Granada… Herritarren mobilizazio horiek bat egiten zuten gure lurraldeak ez direla saltzen esatean, turismoaren hazkundeari mugak jartzea aldarrikatzean, norabide aldaketa premiazkoa zela eskatzean eta desazkunde turistikoaren bidea irteera gisa aipatzean”.

Turistifikazioaren aurkako Europako hegoaldeko sarea (SET) topaketak antolatu ditu Bartzelonan; Donostiako Bizilagunekin plataforma da parte hartzaileetako bat.Bizilagunekin
Oraingoan, beraz, bide horretatik jarraitu eta beste aurrerapauso bat eman nahi dute. Igandera arte iraungo dute SET sarearen topaketen Bartzelonan, eta topaketei amaiera emateko,” ekintza sinboliko bat” egingo dute Sagrada Familia katedralaren inguruan, “lurralde desberdinen artean koordinatutako turistifikazioaren aurkako hurrengo mobilizazioak abiarazteko”. SET sarearen manifestu osoa hemen irakur dezakezue.