Dbuseko gidari bati eraso egin diote asteburuan

Dbus Donostiako autobus konpainiako gidari batek eraso bat pairatu du asteburu honetan, Donostiako Udalak eta Dbusek berak jakinarazi dutenez. Udalak helarazitako informazioaren arabera, igandean izan zen erasoa, 21:20ean, Bulebarra, Amara Berri eta Martutene lotzen dituen 26 lineako Loiola 12 geltokiaren parean.
“Autobus barruan bi erabiltzaile eztabaidatzen hasi ondoren, gidariak ibilgailutik irteteko esan zion bidaiari horietako bati. Pertsona horrek gidariarekin eztabaidan jarraitu zuen, eta autobusetik jaistean objektu bat bota zion aurpegira, zauri txiki batzuk eginez. Gidaria osasun zentro batean artatu zuten, eta Udaltzaingoan salatu du gertatutakoa”, azaldu du udalak. Era berean, Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak “babesa” adierazi dio erasoa jasan duen langileari: “Ezin ditugu jarrera horiek onartu, ezta normalizatu ere”.