Koldo Mitxelena berritua 2026ko udazkenean irekitzea aurreikusten dute
Agintariek eta lanetako arduradunek prentsarekin bisita egin dute astelehen goizean Koldo Mitxelena Kulturuneko lanetan. Jarduera Aretoa birgaitzeko lanak adjudikatu dituztela jakinarazi dute.

Urtebete baino gehiago falta da oraindik Koldo Mitxelena Kulturuneko (KMK) lanak bukatu eta espazioa berriz irekita ikusteko, baina lanak aurrera doaz. Goizane Alvarez Kulturako foru diputatuak, Isaac Palentzia Kultura Sustapeneko zuzendariak, Patxi Presa Kultura Sustapeneko eta KMK-ko zerbitzuburuak, Yolanda Zorita arkitektoak eta Jovino Martinez obra zuzendariak bisita gidatua egin dute astelehen goizean lanetan prentsarekin, eta, azaldu dutenez, aurreikuspena da KMK berritua 2026ko udazkenean irekitzea; urte horretako udan irekiko zutela aurreikusi zuten iaz.
Lanen nondik norakoak emateaz gain, albiste bat ere eman du Alvarezek, izan ere, jakinarazi du Jarduera Aretoa berritzeko lanak adjudikatu dituztela dagoeneko; nabarmendu duenez, “inflexio puntu bat” da urrats hori. Hamar milioi euroko aurrekontua izango dute lan horiek eta 2026ko udaberrirako amaitzea aurreikusten dute.
Gogoratu behar da 2023ko ekainetik dagoela itxita KMK, eta instalazioen eraberritze partziala gauzatzen ari direla, besteak beste, 30 urtez jarraian kulturune gisa irekita egon ostean —aurretik, bestelako erabilera batzuk izan zituen—, “zaharkituta” zeudelako zenbait instalazio. Horrela, teilatuko ur iragazketa sistema eta irisgarritasuna hobetzen ari dira, besteak hainbat esku hartzeren artean.
Lau solairu
Lau solairu ditu guztira Koldo Mitxelenak, eta denak eraberritzen eta berrantolatzen ari dira, eraikinaren hainbat elementu historiko mantenduz. Besteak beste, 620 metro koadro erabilgarri gehiago izango ditu guneak lanak amaitzean, arduradunek nabarmendu dutenez: 109 metro koadro beheko solairuetako bi patioetan eta 511 bigarren solairuan. Horrela, jarduerak solairuka antolatuko dituzte, “soinu eskala” bati jarraituz, azaldu dutenez: erakusketak, irakurketa, ikasketak, ikerketak eta parte hartzea.
Sotoa erakusketentzako gunea izango da, eta igogailu panoramiko berrien bidez irisgarria izango da edonorentzat; era berean, patioetan irakurketarako gune berriak jarriko dituzte. Lehenengo solairua, lehen soilik ikertzaileentzat eta Kultura Saileko bulegoetako langileentzat zena, erabiltzaileentzat izango da orain, erabilera anitzeko gune bat izango baita. Hain zuzen ere, ikertzaileen gunea bigarren solairu berrituan jarriko dute eta bulegoak Okendo kalean geldituko dira, egun dauden tokian.
Bestalde, ganbaran eta sabaiaren kanpoaldean egin dituzte esku hartze garrantzitsuenetako batzuk, estalkiak berritu eta jatorrizkoen itxura bereko batzuk berrezarri baitituzte, instalazio guztiak hobetzeko.
Hauek dira orain egin dituzten esku hartzeetako batzuk: estalkia, sabaia eta leihoak erabat berritzea, eraginkortasun energetikoa eta erosotasuna hobetzeko; 1912ko jatorrizko fatxadak zaharberritzea; irisgarritasun unibertsala bermatzea bi igogailurekin; beheko patioetan espazio berriak sortzea; Paraninfo zaharra erabilera orokorreko irakurgela bihurtzea; ikertzaileentzako eremu berri bat sortzea bigarren solairuan eta argiztapena, barruko akaberak eta espazio komunak hobetzea.
Zerbitzuak, sakabanatuta
Lanak amaitu bitartean, KMK-ko zerbitzuek hiriko hainbat tokitan sakabanatuta jarraituko dute: kultur programazioa Parte Zaharreko Santa Teresa komentuan, mailegu zerbitzua Errege Katolikoen kaleko 18. zenbakian eta funtseko 300.000 dokumentuak Oñatiko Artxibo Historikoan daude.
















































