Oporretan Euskaraz udalekuetan izena emateko epea zabalik maiatzaren 6ra arte

Udaleko Euskara Zerbitzuak uztailean antolatzen duen Oporretan Euskaraz udaleku irekian parte hartu nahi dutenek izena emateko aukera izango dute maiatzaren 6ra arte. Izena on-line eman daiteke www.donostiaeuskaraz.eus edota www.donostia.eus/tramiteak helbideetan. Izena aurrez aurre ere eman daiteke Udaleko Euskara Zerbitzuaren bulegoan, 09:00-14:00etara (Konstituzio plaza, 2).
Izen-emate epea bukatu ondoren, plazak baino eskaera gehiago jaso badira, zozketa bidez banatuko dira lekuak, eta zozketaren emaitzak ikusgai egongo dira, maiatzaren 15ean, izena emateko webgune berean edo www.donostiaeuskaraz.eus helbidean.
Parte hartzeko adina eta haurrak jasotzeko lekuak
Aurten, uztailaren 3tik 30era antolatuko da Oporretan Euskaraz, 09:00etatik 13:30era, astelehenetik ostiralera, jaiegunetan izan ezik; zaintza zerbitzua, berriz, 08:30-09:00etara izango da, izen-emate orrian hala eskatzen duten parte-hartzaileentzat.
2014tik 2020ra jaiotako (biak barne) eta Donostian erroldatuta dauden haurrek parte har dezakete jarduera honetan. Salbuespenez, 12 urteko haurrek ere parte hartu ahal izango dute, ikasmailaren bat errepikatu badute.
Adinaren eta jasotzeko lekuaren arabera eratzen dira taldeak, eta auzo hauek izango dira umeak biltzeko lekuak: Aiete, Altza, Amara, Antigua, Bidebieta, Loiola-Erribera, Gros-Ategorrieta eta Parte Zaharra. Auzo bakoitzean, ikastetxe zehatz batzuetan elkartzen dira haurrak. Eguraldia lagun, Oporretan Euskaraz kanpoan, aire librean gauzatzen den jarduera da, baina ikastetxe horiek dira haurrak utzi, jaso eta, ateri ez dagoenean, eguneko jarduerak egiteko guneak. Auzo eta ikastetxe horien helbideak ere www.donostiaeuskaraz.eus helbidean daude ikusgai.
Jardueraren kuota arrunta 164,06 eurokoa da, baina, familia eta egoera motaren araberako bestelako kuotak ere badira, egoera bakoitza egiaztatzeko agiriak aurkeztuz gero.
Euskara erabiltzeko helburua duten udalekuak
Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen duen hiri kanpaleku irekia da Oporretan Euskaraz. Ibilbide luzea dauka egitasmo honek, eta, urtez urte, Donostiako ehunka umeri ematen dio euskara erabiltzeko aukera oporraldian, hain zuzen, horixe delako jarduera honen helburua: haurrek, ongi pasatzen duten bitartean, euskara erabiltzea. Asmo horrekin, askotariko jarduerak egiten dituzte parte-hartzaileek, udaleku honetan: hondartzako jarduerak; parke eta lorategietako jolasak; euria ari duenean tailerrak, antzerkiak eta lehiaketak; ingurumena lantzen dute; eta Donostian bideratzen diren bestelako ekimenetan parte hartzen dute.