Poltsiko Antzerkiak 31 emanaldi izango ditu hiriko 27 espaziotan

Donostia Kulturak XXXIV. Poltsiko Antzerkia aurkeztu du, maiatzaren 8tik 25era bitartean izango dena. Beste behin ere, formatu txikiko ikuskizunen askotariko programazioa prestatu dute: bakarrizketak, magia, mentalismoa eta antzerki emanaldiak izango ditu. Egitaraua jaialdiaren webgunean kontsultatu daiteke.
Guztira, hamasei konpainiak 31 emanaldi taularatuko dituzte. Horietatik zortzi konpainia emakume hutsez osatutakoak dira, lau gizonezkoenak eta beste lau mistoak. Emanaldiak hiriko 27 espaziotan banatuko dira. Tartean Poltsiko Antzerki Sorkuntzako Amahiru taldearen Igogailu batean amaitu zen mundua lan irabazlea eta Itzuli konpainiaren Adriene Bergson-Johnson antzezlan finalista izango dira. Betiko moduan, bi hizkuntza ofizialen erabilera eta emakumeen presentzia nahiko parekatuak izatea lortu da.
Bakarrizketa eta inprobisazioa
Aurtengo Poltsiko Antzerkian bakarrizketak eta inprobisazio estiloko ikuskizunak dira protagonistak. Umorezko bakarrizketak genero askotariko testuinguruetan aurkezten dira, hala nola Bihotz, bi hots, bi txotx (Garazi San Martín) eta Dejarme sola (Belen Nevado). Formatu arin eta hurbil honen bidez, sortzaileek gaurkotasuneko gaiak, intimitateak edo identitateak umorearen bidez lantzeko aukera ematen dute, ikus-entzulearen parte hartzea bultzatuz.
Bestalde, maiatzaren 24an Convent Gardeneko kriptan egingo den festa nabarmendu dute. Proposamen bikoitza antolatu dute: batetik, Gurutze Beitiaren Yo y mis circunstancias, umore gazi-gozoz bizitzaren gorabeherei buruzko bakarrizketa, eta, bestetik, Antton Telleriaren Ninini, egolatriaren eta zintzotasunaren arteko oreka zentzugabe batean murgiltzen den pieza barregarria. Gonbidapenak hilaren 24an bertan, 11:30etik aurrera jaso ahalko dira Poltsiko Antzerkiaren webgunearen bidez eta Viktoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.