Sare elektriko osoa erorita egon da ia ordubetez
Donostia, Euskal Herri eta Iberiar penintsula osoan erori da sare elektrikoa, baita Europako beste hainbat tokitan ere. Donostiako Suhiltzaileek hamabost pertsona erreskatatu dituzte igogailuetatik.

12:30etik 13:20era gutxi gorabehera, sare elektriko osoa erori da Donostia, Euskal Herri eta Iberiar penintsula osoan, baita Frantziako Estatuko eta Europako beste hainbat eskualdetan ere, hala nola, Italian eta Erresuma Batuan. Zona gehienetan argindarra itzuli da eguerdian, baina hainbat ordu igarota ere, oraindik badaude argindarrik gabe jarraitzen duten zenbait eremu.
Aurrekaririk gabeko gertakaria da, eta oraindik ez dago azalpen ofizialik, gertatutakoa ikertzen ari baitira. Telefono mugikorretako datu ibiltariek baino ez dute funtzionatu itzalaldian zehar, baina tarteka, konpainia batzuetan soilik eta modu mantsoan. Red Electrica Española enpresako zuzendari Eduardo Prietok agerraldia egin du, eta azaldu du gora behera handiak izan dituela argindarraren potentziaren fluxuak, eta horren ondorioz, sistema “kolapsatu” egin dela. Halaber, esan du sei eta hamar ordu artean beharko dituztela sarea osorik bere onera ekartzeko.
Etxeetan ez ezik, itzalaldiak eragina izan du hirietako semaforo sarean, zerbitzu publikoetan —ospitaleetan, ikastetxeetan, garraio publikoan, eta abar— eta beste hainbat arlotan. Besteak beste, Donostiako topo eta tren zerbitzuetan atzerapen nabarmenak izan dira.
Donostiako Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, hala ere, momentuz ez dute intzidentzia larririk erregistratu hirian. Halaber, azaldu dute suhiltzaileek hamabost pertsona erreskatatu behar izan dituztela igogailuetatik, itzalaldiak iraun duen bitartean. Horrez gain, udal zerbitzuak egoerari erantzuna emateko koordinatu dira itzalaldian zehar, batez ere, ibilgailuen zirkulazioa erregulatzeko, semaforoek ez zutelako funtzionatzen.