42 esku hartze egin zituzten udaltzainek eta suhiltzaileek atzoko itzalaldian

Atzoko itzalaldi masiboaren testuinguruan, 42 esku hartze egin behar izan zituzten udaltzainek, mugikortasun agenteek eta suhiltzaileek Donostian. Udalak astearte honetan jakinarazi duenez, horietatik 32 igogailuetan giltzapetuta geratu ziren herritarrak bertatik ateratzeko egin zituzten. Horietako batean, Morlans auzoko igogailu funikular publikoan, kristaletako bat apurtu behar izan zuten, barruan ondoezik zegoen pertsona bat erreskatatu ahal izateko.
Itzalaldiaren ondorioz martxan jarritako larrialdi sorgailuek sortutako keagatik egin zituzten beste bi esku hartze, eta gainerako esku hartzeak semaforoen funtzionamendu ezarekin eta hainbat sistema elektrikoren egiaztapenarekin lotutakoak izan ziren.
Semaforoek funtzionatzen ez zutenez, mugikortasun agenteek hartu zuten trafikoaren agintea hirian, eta joan-etorri handieneko lekuak gidatu zituzten. Udalak baieztatu duenez, ez zen trafiko istilu larririk izan.