Antton Valverdek jasoko du Adarra saria
Ekainaren 21ean jasoko du saria artista donostiarrak, Viktoria Eugenia antzokian, eta kontzertua emango du jarraian.

2025eko Adarra sariak badu sariduna: Antton Valverde musikari donostiarra. Hala iragarri dute astearte goizean Viktoria Eugenia antzokian Jon Insausti Kultura zinegotziak, Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika ataleko programazio teknikariak eta Valverdek berak egindako prentsaurrekoan. Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak banatzen duten hamabigarren Adarra saria da Valverderena.
Odile Kruzeta kazetariak, Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuko zuzendariak eta Gorka Iribar Lugaritz Kultur Etxeko zuzendariak osaturiko epaimahaiak nabarmendu du artista donostiarrak “euskal kantagintzan izandako eragina”, aintzat hartuta zer nolako eragina izan duen “herri kanten eta bertso zaharren berreskurapenean, euskal poeta klasikoen obraren zabalkundean, emakumezkoen poesiaren alde erakutsitako sentiberatasunarengatik, euskal kanta modernoaren agertokietara (pilotalekuak barne) pianoaren soinua ekartzeagatik eta, batez ere, bere konposizio, grabazio eta zuzeneko emanaldiekin hainbeste musikazale gozarazteagatik estilo pertsonal, zaindu eta dotoreaz”.
Horrela, Valverdek ekainaren 21ean jasoko du Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra Eneko Goia alkatearen eskutik, eta segidan kontzertua eskainiko du, Musikaren Europako Egunarekin bat eginez. Viktoria Eugenia antzokian izango da ekitaldia, eta Francisco Herrero (biolina), Ivan Carmona (biolontxeloa), Joxan Goikoetxea (akordeoia) eta Txema Garces (kontrabaxua) musikariak izango ditu bidelagun. Sarrerak asteazkenean, hilak 30, jarriko dituzte salgai, 11:30ean, 20 euroan, Viktoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta webgunean.