Ategorrieta inguruko nitrogeno dioxido kopurua araudiak zehaztutako mugen «oso azpitik» dagoela dio udalak

Ekologistak Martxan taldeak atzo aurkeztutako Airearen kalitatea eskola inguruneetan 2025 txostenaren harira, Donostiako Udaleko Ekologia eta Ingurumen zinegotzi Iñigo Garciak zenbait argibide eman ditu erabilitako metodoei eta emaitza ofizialei buruz.
Aipatu ikerketa Palmes motako neurgailu pasiboen bidez aurrera eraman dute, “teknologia erraza eta kostu txikikoa”, nitrogeno dioxidoa (NO₂) bezalako kutsatzaileen batez besteko kontzentrazioak zenbatestea ahalbidetzen du, baina muga tekniko handiak ere baditu. “Kaptadore horiek ez dute ordutegi aldaketarik ez eguneroko aldaketarik izaten eta oso sentikorrak dira ingurumen baldintzekiko, hala nola, tenperaturarekiko edo hezetasunarekiko. Gainera, ondorengo analisiak behar dira laborategian, eta horrek eragotzi egiten du datuak denbora errealean lortzea, eta aldaketak egin ditzakete kontu handiz manipulatzen ez badira”.
Garciak gogorarazi du Euskadiko Airearen Kalitatearen Sarean sartuta dagoen Ategorrietako airearen kalitatea kontrolatzeko estazio ofizialak neurketa automatikoak, jarraituak eta ikuskatuak eskaintzen dituela, Europako araudiaren arabera.
Bestalde, txostenak jasotzen dituen datuak Ategorrieta eremuko hamabi gunetan bildu ziren, eta guztiak metro kubikoko 20 mikrogramotik gora zeuden, %56a, 30 mikrogramotik, eta heren bat egun muga legala den 40tik gora. Zinegotziak, ordea, “lasaitasun mezua” igorri nahi die herritarrei: “Ategorrietako estazioan dagoen nitrogeno dioxidoaren kontzentrazioa Europako araudiak ezarritako mugen oso azpitik dago”. 2024ari dagozkion datu berrienen arabera, Ategorrietako estazioan metro kubikoko 20 mikrogramo baino txikiagoa izan zen urteko batez besteko kontzentrazioa, eta horrek esan nahi du datorren urtean indarrean sartuko den zuzentarauan ezarritako muga berria bete dela.
Hala ere, egia da maila horiek oraindik ere OMEk gomendatutako balioen gainetik daudela. “Jakina, lana dago egiteko, baina hirian isuri gutxiko eremu bat ezartzeak agerian uzten du udal gobernu honek bide horretan aurrera egiteko duen konpromisoa. Datu ofizialek pixkanaka hobetzeko joera erakusten dute, eta hirian trafikoa murrizteko eta mugikortasun garbiagoa sustatzeko aplikatzen ari garen neurrien eragin positiboa islatzen dute”, gaineratu du eremuko ordezkariak.