Auzo batzarrera deitu dituzte Txomiñeneko bizilagunak, «azpiegitura faltari buruz hitz egiteko»
Maiatzaren 16an izango da batzarra. Aurretik, maiatzaren 6an, udal gobernuarekin bilduko da auzo elkartea.

Txomiñeneko bizilagunek, Lanberri auzo elkartearen bidez, urteak daramatzate auzoaren ekipamendu eta azpiegitura falta salatzen eta udalari irtenbideak eskatzen. Ildo horretatik, gaiaren inguruko mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk otsaileko udalbatzarrean, eta udal gobernuak bi hilabeteko epean bizilagunekin biltzeko konpromisoa hartu zuen, auzoko ekipamendu beharrei erantzuteko aukerak bizilagunekin aztertzeko.
Ordutik, pankarta bidezko atzera kontaketa bat ikusgai egon da auzoan: “Alkateari bilera eske idatzitako mezuari astea joan astea etorri erantzun ere ez ziotela egiten ikusita, eta udalbatzarretan esandakoak ez direla lotesleak jakitun, auzoaren sarreran atzera kontaketa egitea erabaki genuen, ez gaudelako prest itxitzat emateko hala ez dagoen gai bat eta uste dugulako presioa mantendu behar dugula. Bost astera erantzun ziguten, eta bilera batera deitu gaituzte maiatzaren 6an —udalbatzarrak emandako epea pasatuta, beraz— udaletxean”, azaldu du Lanberri auzo elkarteak.
Hala ere, “bileran hitz egindakoa gardentasunez azaltzeko”, auzo elkarteak erabaki du bizilagunak auzo batzarrera deitzea maiatzaren 16rako, Arteleku plazan (euria egingo balu, Lanberriren lokalean): “Ikuspegi komunitario batetik hitzordu garrantzitsua eta auzo gisa berriz ere gure indarra erakusteko eguna izango da. Udalaren aurrekontu parte hartzaileetan aurkeztu ditugun proiektuak ere azalduko ditugu bertan, baita buruan ditugun hurrengo pausoak ere. Auzo txikia gara, baina baita borrokalaria ere”.
Azken hiru legegintzaldiak
Lanberrik ohar baten bidez azaldu duenez, joan den urtean auzoan egin zuten inkestan “oso garbi” ikusten da auzoan “kontsentsuzkoa” dela “azken hiru legegintzaldietako Donostiako Udalak ez duela hitza betetzen Txomiñeneko auzotarren beharrei dagokionez”: “Grosso modo, fase hau 2018an hasi zen Arteleku plazan zer egin erabakitzeko udalak antolatu zuen prozesu parte hartzailean aurkeztutako proiektuen artean, auzoak babes handiz aukeratu zuena —kultur eta kirol ekipamenduak zituena, besteak beste— ‘hori ezin da egin’ iraingarri batekin baztertu eta egungo plaza egin zigutenean. Ordutik, gogoratzen ditugun gezur, bete gabeko promesak (batez ere hauteskunde kanpainetan) eta itsusikeriak dozenaka dira, eta Hondalea-ra bideratutako auzoko 1,6 milioiek ongi irudikatu zuten aipatzen ari garena”.
Egoera horren aurrean, aldarrikapen zehatz batzuen inguruan “auzoa josi eta eta presioa egiteko estrategiarekin”, Txomin Enea Zutik kanpaina abiatu dute: “Auzotarren beharrak identifikatzeko inkesta egin genuen ekainean (433 pertsonaren erantzunak jaso genituen). Jasotako erantzunak urrea dira guretzat eta gure lanaren iparrorratza dira. Handik bi hilabetera, Kristobaldegi komentua hutsik geratzeak sortzen zuen egoera gure alde baliatu asmoz, Kristobaldegi auzoarentzat kanpaina abiatu genuen (prentsaurrekoan, 150 pertsonarekin). Uste dugu, hain osasungarria den horizonte berriak irekitzen lagundu zuela eta horrek nabarmen utzi zuela denon begietara auzoan dugun azpiegitura publikoen falta, baita egoera ez onartzeko jarrera ere. Gaia hiriko eztabaida politikoan sartzeko lanean ere aritu gara, eta azkenean hori lortu dugu, denon artean 1.045 sinadura bilduta (oso kopuru altua, denek onartzen dutenez)”. Ordea, udalak otsailean adierazi zuen ez zuela komentua erosteko asmorik.