Kultur proposamenen deialdia zabaldu dute Kontadoresen

Kontadores Gazte Zentroak jarduera artistiko eta kulturalak programatzeko proposamenak jasotzeko deialdia ireki du, 2025-2026 ikasturteari begira. Deialdi honek tokiko sormen prozesu gazteak bultzatzea du helburu, baita proposamen berriak Kontadoreseko eremuan integratzea ere. Proposamenak maiatzaren 25era arte aurkeztu ahal izango dira.
Honakoak gauzatzeko proposamenak onartuko dira: Kontadoresen laborategi edo lantegi trinkoak (Laborategiak) eta arte biziekin erlazionaturiko pieza eszenikoak (Eszena). Azken horiek barne hartzen dituzte musika, antzerkia, spoken word, poesia, ikus-entzunezko saioak, performanceak, dantza edo antzeko ekimenak.
Parte hartzeko, Kontadoreseko webgunean dagoen eskaera inprimakia bete behar da eta kontadores@donostia.eus helbidera bidali.
Hautaturiko proposamenak
Kontadoresek egingo du proposamenen balorazioa eta harremanetan jarriko da izena eman duen pertsona edo taldearekin. Kontadoresek bere gain hartuko ditu ekintza garatzeko behar ekonomikoak eta baita horren difusioa bere ohiko kanaletan ere. Horregatik, hautaturiko proposamenek ekimena garatzeko eta produzitzeko aurrekontu bat izango dute. Era berean, Kontadoresek ekimenaren sustapena egingo du.