La Cumbre udalaren eskuetara pasatzeko eskatuko dute udal talde guztiek, PPk izan ezik

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Donostiak mozio bateratua aurkeztuko dute bihar (hilak 30) egingo duten apirileko udalbatzarrean, Espainiako Gobernuari eskatzeko ahalik eta azkarren izapidetu dezala Aieteko La Cumbre jauregia udalaren eskuetan uzteko lagapena. PPk ez du mozio bateratuarekin bat egin.
Horrela, udalbatzak onartuko du mozioaren edukia Gipuzkoako Foru Aldundiari, Gipuzkoako atzar Nagusiei, Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari helaraztea, horrela, ahalik eta lasterren bultzatzeko La Cumbre jauregia udalari lagatzea.
Atzerapenak
Gogoratu behar da Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk 2022an erdietsi zutela La Cumbre Donostiako Udalaren eskuetara pasatzeko akordioa, Espainiako Memoria Demokratikoaren legearen onarpenaren testuinguruan. Horren bidez, GALek Lasa eta Zabala torturatzeko erabili zuen jauregia udalaren eskuetara pasatu behar zen legea indarrean sartu eta urtebetera —2023ko urrian—, bertan memoria gune bat sortzeko. Aieteko Lantxabe auzo elkarteak ere askotan eskatu izan du jauregia auzoarentzako zein gizartearentzako gune ireki bat izan dadila.
Jauregiaren jabetzaren esku aldaketa ez da gauzatu, baina pauso batzuk eman dira Euskal Herritik: iazko abuztuan, udalak Espainiako Gobernuari helarazi zion La Cumbre memoria gune bihurtzeko proposamenaren zirriborroa eta, urrian, proiektu landu eta mamitsu bat aurkeztu zuten Aranzadi Zientzia Elkarteak, Argituz elkarteak, Altzako Mikel Zabalza Herri Ekimenak, Berridatzi elkarteak, Egiari Zor fundazioak eta Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren senideek.
Proiektuaren xedea da La Cumbre “ikerketarako, biktimen aitortzarako eta erreparaziorako eta, batez ere, dibulgaziorako gunea” izatea, eta hori da, hain zuzen ere, batzar nagusietan aurkeztu zuten proiektua. Era berean, senideek salatu zuten “erresistentzia” handiegia dagoela legeak dioena bete eta La Cumbre udalaren eskuetara pasatzeko, eta horrek ez diola mesederik egiten “elkarbizitzari”.