Mozio bat aurkeztuko du EH Bilduk Gizarte Ekintzako langileen baldintzak hobetzeko eskatzeko

EH Bilduk kontrol mozio bat aurkeztuko du biharko osoko bilkuran, Gizarte Ekintzako langileentzat baliabide profesionalak handitzea eta baldintzak hobetuko dituzten neurriak hartzea eskatzeko.
Izan ere, Donostiako Gizarte Ekintzako langileek (130 pertsona inguru) otsailean abiatu zituzten lanuzteak eta greba egunak lan baldintza duinak aldarrikatzeko. “Gaur eta bihar, adibidez, greba egunak dituzte. Hasieratik, mobilizazio dinamikek saileko langileen babes zabala jaso dute; izan ere, mahaigaineratutako eskari eta aldarrikapenak ez dira berriak, sailaren saturazio salaketa berria ez den bezala. Are, 2017an jada antzeman zen departamentuko langileen osasunerako arriskua handia zela, gehiegizko lan kargaren ondorioz. Tamalez, geroztik egoerak ez du hobera egin, eta gizarte zerbitzuetako eskaria asko igo den bitartean, plantillaren zabalpena ez da hurbildu ere egiten eskariaren igoerara”, adierazi du Izar Hernando EH Bilduko zinegotziak gaur prentsaurreko batean.
Zentzu horretan, langileek adierazten dute dituzten baliabideekin zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen oinarrizko eskubideak ezin direla bermatu. “Kasu askotan, zerbitzuetara herritarrek egindako deiek ez dute erantzunik jasotzen, hitzordua izateko asteak itxaron behar izaten dira, laguntza ekonomikoak jasotzeko atzerapenak, haurtzaroko kasuei behar duten jarraipena emateko ezintasuna… Langileek pairatzen duten lan karga gehiegizko honek inpaktu zuzena du Gizarte Zerbitzuetara jotzen duen edozein herritarrek jasotzen duen arretan, eta egoera kezkagarria da oso”, salatu du Hernandok.
Gehitu duenez, apirilaren 10ean batzordeetan egoeraz galdegin zitzaion EH Bildutik zinegotzi delegatuari, Gizarte Ekintzako langileen ordezkaritza bat bertan zegoela. Hala ere, orain urrats bat gehiago emango dutela adierazi du, “irtenbidea erdiesteko helburuaz”. Hala, bihar, hilak 30, Osoko Bilkuran kontrol mozioa defendatuko du EH Bilduk.
Hernandok gogora ekarri duenez, besteak beste, egitura eta antolakuntza beharren azterketa egitea eskatu dute langileek, neurriak hartu ahal izateko: baliabide material gehiago ezartzea, profesionalen araberako ratioa murriztea, kudeaketak pertsonen beharrei lehentasuna ematea eta arlo guztietako lantaldeak handitzea, hain zuzen ere. “Eskari hauek Donostia bezalako hiri zahartu batean eta bizi dugun ziurgabetasun handiko egoeraren testuinguruan irakurri behar direla uste dugu, non behar sozioekonomikoak ugariak diren eta gizarte politikek paper protagonista hartu behar duten. Gizarte zerbitzuak jada donostiarrok gehien erabiltzen ditugun udal zerbitzu publikoak bilakatu dira, eta horrek, ongizatean neurriko inbertsioak zein berrantolaketak egitea eskatzen du”, ohartarazi du.
Epe motzeko eta epe luzeko neurriak
Zenbakietara ekarriaz, azken urteetan sailaren eskaria %21 igo da eta joera “oso goranzkoa da” herritarrei dagokienean, Hernandok gogorarazi duenez. Horregatik, saila nabarmen indartu behar dela uste du EH Bilduk, eta horretarako plan plurianual bat egitea proposatu dute, 2026ean plantilla handituz, eta hurrengo bi urteetan gehiago handituz (plan plurianuala edo legegintzaldia amaitu bitarteko plana litzateke).
EH Bilduk defendatu du gizarte zerbitzuen kalitatea hobetzeko erabakiak hartu behar direla, eta gizarte zerbitzuetako langileak zaindu. “Norabide horretan, epe motzeko zein epe luzera begirako neurriak konbinatu behar direla uste dugu. Epe ertain edo luzeari dagokionean, zinegotzi delegatuak hartua du 2026ra begira Gizarte Ekintzako kontratazioak lehenesteko konpromisoa; era berean, langileek osatua eta zinegotzioi aurkeztua digute Gizarte Ekintzan egin beharreko hobekuntzen zerrenda. Ondorioz, epe ertainera begirako plantillaren zabalpena eta berrantolaketak langileekin batera diseinatutako eta hausnartutako oinarri adostuak behar dituela uste dugu”, adierazi dute.
Epe motzari dagokionean, berriz, langileen lan karga arinduko duen kontratazioa “ezinbestekoa” dela uste dute, “are gehiago uda berehala iritsiko dela kontuan hartuz”.
Gauzak honela, hiru dira biharko kontrol mozioan jaso dituzten eskariak. Lehenik, udal gobernuari eskatzen diote Gizarte Ekintzako baliabide profesionalak “urgentziaz” handitu ditzala, aurtengo berehalako beharrei erantzuteko. Bigarrenik, Gizarte Ekintzako profesionalen oporrak ordezkatu ditzala, lana gehiago pilatu ez dadin eta atentzioa gehiago saturatu ez dadin. Eta hirugarrenik, kontrataziorako eta berrantolaketarako urte anitzeko plana osatu dezala, horretarako, langileekin negoziazio mahaia sortuz eta 2026an plantilla handitzeko lan eskaintza abiatuz. “EH Bildutik oinarrizkoa ikusten dugu langileekin batera negoziatu eta diseinatu dezala plantillaren zabalpena eta sailean egin beharreko berrantolaketa”, nabarmendu dute.