Parte Zaharreko eta kaiko plan bereziaren hasierako onarpena egin du udalak

Tokiko Gobernu Batzarrak Parte Zaharreko eta kaiko plan berezia onartu du. Donostiako alkate Eneko Goiak eta Hirigintza-Plangintza eta Etxebizitzako zinegotzi Nekane Arzallusek aurkeztu dituzte planak dituen ezaugarri nagusienak.
Plan Bereziak 1995. urtean onartutakoa ordezkatuko du, eta Eusko Jaurlaritzak 2019an Parte Zaharra eta Kaia Monumentu Multzo izendapenak ezartzen duen araudiari erantzuten dio. Eneko Goiak azpimarratu duenez, hasierako onarpenari esker “aurrera pauso garrantzitsua” egin da “berrikuste sakona” eskatu duen prozesuan.
Giltzarri nagusiak
Arzallusek ziurtatu duenez, “hasierako onarpenaren ondoren, jendaurrean jarriko den planak Parte Zaharra eta kaia babestea eta hobetzea bermatzen duten zenbait neurri jasotzen ditu, monumentu multzoaren deklarazioan ezarritako betebeharrak betez eta eremua hobetuz”.
Horrela, Arzallusek honako neurri hauek aipatu ditu:
• Lehendik dagoen hiri sarea finkatzea: Ez da baimenduko eraikigarritasuna handitzea, ezta egungo eraikinetan maila berriak eraikitzea ere. Urgullen dauden eskolak finkatzen dira, nahiz eta monumentu multzoa arautzen duen dekretuak ez dituen babesten, izan ere, eremurako beharrezkoa den irakaskuntza erabilera dute.
• Bizigarritasun eta irisgarritasun hobekuntzak: etxebizitzen barnealdea berritzea, igogailuak instalatzea eta isolamendu akustikoa eta suteen aurkako isolamendua hobetzea errazten da.
• Esku-hartzeak hiri paisaian: estalki lauen ordez inklinatuak jartzea eta elementu antiestetikoak pixkanaka kentzea bultzatzen da, hala nola ageriko kableak, toldo estentsiboak eta fatxadetan ikus daitezkeen aireztapen hodiak.
• Espazio publikoaren erabilera arautzea: debekatuta dago Trinitate plazako elementuak estaltzea, baina San Telmo plaza abuztuaren 31tik gertuen dagoen eremuan zati bat estaltzeko aukera onartzen da.
• Trafikoa eta mugikortasuna berrantolatzea: baztertu egiten da Lasta kaian egin litekeen lurpeko aparkalekuak Ijentea kaletik sarbidea izatea.
• Bizitegi izaera babestea: ostatu erabileren hazkundeari mugak ezartzen zaizkio, eta debekatzen da horietara etxebizitza atarietatik sartzea.
Hiritarrekiko eta ondarearekiko konpromisoa
Goiak honakoa azpimarratu du: “Urteak daramatzagu plan berezi konplexu bat garatzen eta Parte Zaharraren eta portuaren egoera hobetzeko erabakiak hartzen. Eta erabaki horiek berretsi egiten dute bi eremu horietan bizi diren donostiarrekiko dugun konpromisoa, bai eta multzo osoaren ondarea babesteko dugun konpromisoa ere”.
Ildo beretik, honako jarduketak nabarmendu ditu: fatxadetako telekomunikazio kableak murriztea, eguzki oihalak eta beste elementu batzuk kentzea —besteak beste, fatxadetan ikus daitezkeen aireztapen hodiak— edota larrialdi zerbitzuen Parte Zaharrerako sarbidea hobetzea.
Era berean, alkateak azaldu du Parte Zaharreko eta kaiko plan bereziak azken eremu horretako etxeen egoerari heltzen diola eta, zehatzago, Kaiko pasealekuko 6-7 zenbakietan dauden etxeen egoerari, Eusko Jaurlaritzarekin eta jabetzarekin adostutako “konponbide orekatu eta adostua proposatuz”.
Behin hasierako onarpena emanda, plan berezia jendaurrean aurkeztuko da, eta, ondoren, alegazioen txostena egin eta dokumentua osatuko da behin betiko onarpena eman ahal izateko. Dena dela, plan berezi hau behin betiko onartu ahal izateko, beste batzuetan ez bezala, Eusko Jaurlaritzak aldez aurretik aldeko txostena eman behar du, monumentu multzo gisa katalogatutako eremu bat delako.