Uda honetan, 60 kirol jarduera baino gehiago aukeran
Ikastaroak ekainaren 23tik irailaren 7ra bitartean aurrera eramango dituzte; izen ematea datorren astelehenean abiatuko dute.

Donostia Kirolak udako kirol jardueren UDA-25 kanpaina aurkeztu du, hiriko 31 kirol erakundek prestatu dituzten jardueren eskaintza zabalarekin osatua. Arraunketa, arku tiroa, urpekaritza, bela, mendi bizikleta, eskalada, skatea, esgrima, hipika… 60 jarduera baino gehiagoren artean hautatzeko aukera izango da. Ikastaroak ekainaren 23an hasi eta irailaren 7an amaituko dituzte.
Eskaintza bi taldetan banatuta dago: 16 urte arteko ikasleei zuzendutakoak, batetik, eta gazteei eta helduei zuzendutakoak, bestetik. Eskola umeen artean, kirol jarduerak dira lehen aukera. Ikastaro horiek goiza edo egun osoa har dezakete, eta kirol desberdinak konbinatzen dituzte, bata hizkuntzen irakaskuntza edo beste jarduera osagarri batzuk ere. 2024an parte hartu zuten ikasle guztien %30ek eman zuten izena horrelako jardueretan.
Izen ematea bi fasetan egingo dute. Lehenengoan, maiatzaren 5etik 8ra bitartean, pertsona bakoitzak lau ikastarotan izena eman ahal izango du, gehienez. Taldean egiteko aukera izango da ere, eta gehienez, lau pertsona onartuko dira ikastaro bakoitzeko. Taldeak zenbaki bakarrarekin parte hartuko du zozketan eta horren emaitzak talde kide guztiei eragingo die. Aurre izen emate horiek Donostia Kirolaren webgunearen bidez edota aurrez aurre egin daitezke. Zozketa maiatzaren 9an egingo dute eta astebeteko epea izango da ordainketa egin eta izen ematea baieztatzeko.
Bigarren fasea maiatzaren 26an hasiko da, eta egun horretatik aurrera zuzenean izena eman ahal izango da leku libreak dituzten ikastaroetan. Izen emate hori ere online edo aurrez aurre egiteko aukera izango da klub eta erakunde antolatzaile bakoitzaren bulegoetan.