Zabalik dago minbiziaren aurkako lasterketan eta martxan izena emateko epea

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak lasterketa eta martxa solidarioa antolatu ditu maiatzaren 11rako, eta izen ematea elkartearen webgunean bertan egin daiteke. Lasterketak bost kilometroko distantzia du, 10:00etan hasiko da, Alderdi Ederren, eta leku berean amaituko da. Iazko moduan, lasterketak 23 urtetik beherakoen kategoria ere badu.
“Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartean, apustu egiten dugu pertsona guztiek aukera berdinak izan ditzaten horrelako ekitaldi solidario batean parte hartzeko eta kirolaren bidez gizartea ikusarazteko eta sentsibilizatzeko. Horregatik, aurten, berrikuntza gisa, lasterketaren aurretik, 09:55ean, ibilbidea esku bizikleta modalitatean egingo da, Kemen Pertsona Ezinduen Kirol Klubaren laguntzari esker”, azaldu dute elkarteko kideek gaurko aurkezpenean.
Lasterketaren ondoren, martxa eta ipar martxa egingo dituzte, eta nahi duenak hartu ahal izango du parte hor ere. 11:30ean abiatuko da Alderdi Ederretik, hiru kilometroko distantzia izango du, eta irteera puntu berera itzuliko da. Gainera, martxak hasi aurretik, 10:45ean, zumba ekitaldi batez gozatzeko aukera egongo da Eureka Dance Studioren eskutik.
Lasterketaz eta ibilaldiaz gain, jolaserako eta zientziarako gune bat ere prestatuko dute txikienentzat, haiek ere ekitaldi solidario horretaz gozatu ahal izan dezaten.